MUTRIKUKO UDALAREN ADIERAZPENA

2022/07/20

Malen aurreko egunotan Gazte egunaren inguruan sortu den iskanbilaren aurrean, Udalak honakoa adierazi nahi du irmoki:

  • Udalak jaien antolakuntzari ekiten dionean, herritar guztientzako jaiak antolatzen ditu, herriko kale eta espazio guztiak herritar guztien gozamenerako moldatuta.
  • Udalak eta Jai konpartsak elkarrekin lan egin dute guztientzako jaiak antolatzeko, baina Jai konpartsak autonomiaz jokatzen du txosnaguneko ekitaldietarako.
  • Udalak jaietan ere inolako bereizkeriarik gabeko espazioak eta herritar guztientzako eremu seguruak bermatu nahi ditu, eta ez du onartzen espazio horietan inor baztertzea, ezta giza-eskubideak urratzea ere.
  • Antolatutako ekitaldietan herritar nahiz bisitari guztiek ekitatean eta elkarrenganako errespetuan parte har dezaten bermatu nahi du Udalak.

Hori dela eta, urte osoan zehar jendarteko eremu eta arlo guztietan egiten diharduen lanketa berretsita, Udalak jaietan ere ez du ontzat emango arraza, jatorri, hizkuntza, genero, sexu eta beste edozein modutako beldurrarazterik, jazarpenik nahiz bereizkeriarik, ezta lanbide bat edo beste izateagatik ere. 

Adierazitakoagatik, onargarritzat ematen ez dugun gertakari horren aurrean ezadostasuna agertuta, Udal honek babes osoa agertu nahi dio bereizkeria jasan duen herritarrari zein bere ogibideagatik baztertuak izan diren herritarrei, eta herrian bizitzeko duten eskubide osoa gogoratu nahi dugu.

Elkarbizitza lortzeko bidean, pentsaera ezberdineko pertsonek osatutako herria eraiki nahi dugu, guztiok geuretik emanda guztiontzako gizartea eraikitzeko. 

Kanpotik etorriko zaizkigunei erakutsi diezaiegun Mutrikun bereizkeriarik gabe bizi garela, emakumeen eta gizonen arteko bizikidetza maite dugula, berdinen eta ezberdinen artean harremanak bultzatu nahi ditugula.

 

Mutriku, 2022ko uztailaren 20a
EH Bildu, EAJ-PNV, B+i