MUTRIKULAN 2019 diru-laguntza

2019/12/12
Abenduak 11ko Gipuzkoako Boletin Ofizialean argitaratu da ekintzaileei zuzendutako Mutrikulan diru-laguntzaren aurtengo deialdia. Mutrikuko Udaleko garapen sailak, 2013tik hasita urtero atera izan du diru-laguntza lerro hau. Urtetik urtera aldaketak izan diren arren, laguntza hauen helburua, Mutrikun enplegu sorrera eta enpresa-ekimenen garapena bultzatzen da.

2013-2018 EBOLUZIOA
Mutrikulan dirulaguntza ireki zenetik 5 urte pasa diren honetan, datuak bildu eta balorazio txiki bat prestatu da. Atera diren datuak oso baikorrak izan dira:
Sortu diren enpresa berriak:
Urte hauetan diruz lagundu diren enpresak, guztira 28 izan dira eta horietatik 22 dira gaur egun lanean jarraitzen dutenak.
Sektoreei begiratuta, ia % 90a 3. sektorekoa izan da. Gainontzekoa 2. Sektoreari lotua.
Lanpostuak:
5 urte hauetan guztira 35 lanpostu berri sortu dira. Horietatik %70a 3.sektorean eta gainontzekoak 2. sektorean.
Gastua
Guztira azken 5 urteetan Mutrikulanen udalak egin duen diru ekarpena 67.420€takoa izan da.

2019ko DEIALDIA
2019ko deialdian enpresa berrien sustapena gehiago indartzea erabaki da, izan ere, aurtengoan lehen aldiz, enpresa irekitzeko eginiko inbertsioak ere diruz lagunduko dira.
Oinarrietan azaltzen denez, bi dira diruz lagunduko diren kapituluak: Enpresa-proiektu berrien sustapena eta enpleguaren sustapena.
Enpresa-proiektu berrien sustapena:
Oinarri hauen xedea da Mutrikun enpresa berriak ezartzeko enpresa-ekimenei diruz laguntzea. Zenbait udal zergaren kontzeptuan obariak aplikatuko dira eta baita inbertsioak diruz lagundu ere. Enpresa jartzeko garaian alokairu bat badu ekintzaileak, alokairuaren portzentai bat ere diruz konpentsatuko zaio. Dirulaguntzetara aurkezten diren ekimenak gutxienez 18 hilabeteko iraupena izan beharko dute.
Enpleguaren sustapena:
Mutrikun kalitateko lanpostuak sustatze aldera, Itzuli beharrik gabeko diru laguntzak emango dira langileak kontratatzeagatik, ekintzailea bera barne. Enpresa berriek zein aurretik martxan dauden enpresek eskatu ahal izango dute laguntza hau eta kontratazio berriek Ordenantza hau argitaratu aurreko langile kopurua handitu beharko dute. Beharrezkoa izango da gutxienez 18 hilabeteko lanpostuak bermatzea.
Enpleguaren sustapenerako atalean, bereziki emakumeak, zein lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboak, lan-munduan sartzea sustatuko da.
Eskatzeko epea:
Boletinean  2019ko abenduaren 11an argitaratu dira dirulaguntzaren oinarriak eta ekintzaileek gaurtik hasita 15 egun izango dituzte euren eskariak aurkezteko. Eskaria egin ahal izateko informazioa hemen.
Dirulaguntzaren zenbateakoa:
Guztira Mutrikuko Udalak 20.000€ko partida bat du dirulaguntza hauei aurre egiteko.
Partida honetatik 2018an laguntza jaso zutenei bigarren zatia ordainduko zaie eta 2019an eskaera aurkezten duten enpresentzako berriz, era ezberdinetara kalkulatuko da laguntza kopurua.

Enpresa proiektuen sustapenean, udal zergen gaineko obari ezberdinez gain, inbertsioa lagunduko da diruz, kriterio hauen arabera:

a 100.000 €-tik gorako inbertsioak,% 6ko laguntza, gehienez 10.000 €-koa.
b 50.000 €eta 100.000 €arteko inbertsioak,% 6ko laguntza, gehienez 6.000 €.
c 50.000 €baino gutxiagoko inbertsioak, laguntzaren% 25, eta 3.000 €gehienez.

Lanpostu berrien sustapenari dagokionean berriz, sortzen den lanpostu bakoitzeko 1.000€ko laguntza emango da oinarri moduan. Kopuru hau handiagoa izan daiteke baldintza konkretu batzuen arabera.
Informazio gehiago:
Deialdiaren inguruko xehetasun guztiak oinarrietan ikus daitezke. Itsatsitako dokumentuan edo www.mutriku.eus web gunean.


UDALAREN BESTE LAGUNTZA BATZUK
Azken urte hauetan Mutrikuko Garapen sailetik hainbat laguntza, formakuntza eta hitzaldi bideratu dira ekintzailetza suspertu eta herriko lan aukerak zabaltzeko.
Horren harira, laster, hirigune historikoan , inguruko komertziala bezala identifikatuta dagoen guneetan lokal berriak martxan jartzeko laguntza ere argitaratuko da. Honen inguruko informazio zabalagoa argitaratzearekin batera bideratuko zaizue.
Bestalde, herriko garapenari loturiko elkarteak sendotzeko asmoz ere , Mutrikuko Udalak dirulaguntza lerro konkretu bat du.
Guztia hau kontutan izanik, Udalaren garapen sailetik, Mutrikuko ekonomia suspertu eta herrian lanpostuak eta enpresa berriak eta bideragarriak sortzeko lan egiten jarraituko dugu.