Norbere enpresa martxan jartzeko laguntza eskainiko die Udalak herritarrei

2013/09/30
Ideia edo negozio bat hasteko bidea samurtzeko tresnak eskainiko dizkiete eta beharrezkoak dituzten prozedura eta teknikak irakatsi; izena emateko epea zabalik dago, eta lehen saioa urriaren 7an izango da.

Enpresa propioa abiatzeko asmoa edo enpresa ideiaren bat duten herritarren bidelagun izan nahi du Udalak. Horretarako, Debegesarekin eta Aldundiarekin elkarlanean, Ekintzailetza tailerra antolatu du. Izena emateko epea zabalik dago, eta lehen saioa urriaren 7an izango da. 

Ekintzailetasun tailerraren bidez, negozioa/ideia martxan jarri ahal izateko beharrezko teknika eta prozedurak irakatsiko dituzte. “Sarritan, gure arazoen erantzuna guk geuk daukagu. Norbere lan egoerari irtenbidea emango dion norbaiten zain egon beharrean, guretzako lanpostua guk geuk sor dezakegu, baina jakina, norbaitek laguntza eskainiz gero, askoz ere samurragoa da egin beharreko bidea”, adierazi dute Udal Garapen alorreko ordezkariek. “Eta hori da, hain zuzen ere, herrirako prestatu ditugun saioen helburu nagusia: ekintzaileei laguntzea”. 

Parte hartzaileentzat kezkak argitzeko baliagarria izatea ere nahi dute. “Kezkak partekatzeko leku bat edukitzeaz gain, elkarrekin irtenbideak topatzeko gunea ere izango da”, nabarmendu dute. 

Ekintzailetza tailerra Mutriku Ekinean izenburupean dator, eta bi aste iraungo ditu. Astean hiru saio egongo dira, astelehen, eguazten eta barikutan, 09:30etik 14:00etara. Eta datak ondokoak dira: urriaren 7, 9 eta 11 eta 14, 16 eta 18. “Saio horien bidez sormena lantzeaz gain, negozio ideia potentzialak identifikatuko ditugu eta izan ditzaketen oztopoak gainditzeko lan egingo dugu”, ziurtatu dute Garapenetik. “Azken finean, buruan duzun hori bideragarria den ikusi eta martxan jartzeko modu egokiena erabakitzeko balioko du tailerrak”. 

Izena eman nahi dutenek turismo bulegora jo dezakete. Informazio gehiago nahi dutenek, berriz, 647 756 506 zenbakira deitu dezakete edota mutriku2020@gmail.com helbidera idatzi.