MUTRIKUKO UDALAK OBRA TXIKIEN BAIMENAK AZKARTZEKO TRAMITE BERRIA JARRI DU ABIAN

2022/09/02

 

Mutrikuko Udalak, irailaren 5etik aurrera, etxebizitzetan eta jarduerarik ez duten lokaletan obra txikiak egiteko baimen azkarren bidezko tramitea jarriko du abian. Aurretiazko Komunikazioko Obra Lizentziaren Izapidetzaren Ordenantza arautzaile berriarekin, obra txikiak egiten hasteko itxaron denborak ezabatuko dira.


2022ko maiatzaren 26ko Udalbatzan onartu zen Aurretiazko Komunikazioko Obra Lizentziaren Izapidetzaren Ordenantza arautzailea datorren astelehenetik aurrera sartuko da indarrean. Ordenantza berri honi esker, etxebizitzetan eta jarduerarik ez duten lokaletan obra txikiak egiteko baimenak egun batetik bestera eskuratu ahalko dira, orain arteko itxaron denborak ezabatuz. Izapide berri honek, aldi berean, obra handien baimenak lortzeko denborak ere laburtuko ditu.

Tramite hau administrazioa herritarrentzat irisgarriagoa izateko urrats garrantzitsua da, eta izapideak sinplifikatzeko nahiz murrizteko bide berri bat irekitzen du, hainbeste luzatzen diren prozesuak arinduz.

Obra txikien kategoria honetan honako lan hauek sartuko dira: etxebizitzetako lurzoruen akaberak, sabaien akaberak, hormen akaberak, komunak eta sukaldeak, instalazioak, barne arotzeria aldatzeak. Aldiz, aipatutako obrak ez dira obra txikien kategorian sartuko baldin eta sotoko edo erdisotoko solairuan edo teilatupean baldin badira, ezta zurezko egituradun eraikinetan sukaldeko edo bainugelako zoladura aldatzea bada, ezta barne banaketa nahiz eraikinaren egitura aldatzen bada, ezta eraikinaren fatxadan aldaketak egitea ere (balkoia, lehioak, teilatua, pintaketa...).

Ordenantza berri honek lokaletan egingo diren obra txikiak ere aintzat hartzen ditu, beti ere lokal horretan jarduerarik ez badago. Lokaletako obra txikien kategoriak honako lanketa hauek aurreikusten ditu: lurzoruen akabera, sabaien akabera eta hormen akabera, beti ere barne banaketa edo eta eraikinaren egitura aldatzen ez bada.

 

Hemendik aurrera obra txikiak egiteko baimena eskatzeko ondorengo prozesua jarraitu beharko da:

1.- Obra txikiaren aurretiazko komunikaziorako eskari orria eskuratu beharko da www.labur.eus/eskaria orrialdean edo udaletxeko sarrera nahiz diruzaintza leihatiletan.

2.- Obraren aurrekontu osoa aurkeztu beharko da udaletxeko diruzaintzan edo telematikoki. Horrekin, ordaindu beharreko tasaren kalkulua egingo da. Tasen ordainketa egiteko jarraibideak ere bertan azalduko da.

3.- Ondorengo agiriak udaletxeko sarreran aurkeztu beharko dira:

1. Eskari orria beteta.
2. NANaren/IFZren edo beste egiaztagiri analogo baten kopia.
3. Obraren aurrekontu osoa, egin behar diren obrak kapituluka eta partidaka xehatuta.

4. Udal zerga eta tasa ordaindu izanaren ziurtagiria.

5.- Zinpeko dokumentuak aurkeztu direnez, obrarekin hasi ahalko da jarraian, denborarik itxaron gabe. Hala ere, baliteke aurkeztutako obra eta egiten ari dena berdinak direla ziurtatzeko bisita jasotzea.

 

Obra txikiak.jpg