Okelar anaiak sariketara aurkezteko epemuga gero eta hurbilago

2013/11/18
Ohi bezala, sari banaketa Mutrikuko Santo Tomas azokan egingo da; parte hartzaileek abenduaren 2a baino lehenago bidali beharko dituzte bertsopaperak.

Aurten Okelar anaiak sariketa egiten duten 29. aldia izango da. Mutriku Bertso Eskolak tradizio luzea duen bertso paper lehiaketa martxan dauka, eta gero eta hurbilago dago lanak entregatzeko azken eguna.

Bi maila izango ditu sariketak: batetik 16 urtera arteko gazteena. Gutxienez bi bertso edo lau kopla egin beharko dituzte; bestetik, 17 urtetik aurrerakoena, helduena. gutxienez sei bertso dira osatu beharko dituztenak. Lan guztiek abenduaren 2a orduko bertso eskolakoen eskuetan egon behar dute.

Sari banaketa, ohi bezala, Santo Tomas Eguneko ferian egingo da. Lehiaketaren oinarrietan agertzen den bezala, bertso sorta batek ez du sari bat baino gehiago jasoko, eta epaimahaiak hala iritziz gero, sariren bat eman gabe utzi ahal izango da.

Bertsoek jatorrizkoak, argitaratu gabeak eta inon saritu gabeak izango dira, eta lanak ezizen batekin sinatuta aurkeztuko dira. Bertso bakoitzari bere ordena zenbakia jarriko zaio. Eta bertso sorta bakoitzaren doinua ere zehaztea komeni da.

Ohiko posta erabiltzekotan, bertsoekin batera, ezizena agerian duen gutunazalaren barruan bidaliko dira egilearen izenordea, izena, helbidea, adina eta telefonoa. Eta honako helbide honetara bidali beharko da: Mutrikuko Bertso Eskola, Luardo etxea, Barren kale z/g, 20830 Mutriku, Gipuzkoa. Gutunazalean Okelar sariketarako dela jarri beharko da ere.

Lanak posta elektronikoz bidali nahi duenak bi artxibo bidali beharko ditu doc (word) edo odt (writer) formatuan. Artxibo batean bertso sorta bera eta ezizena idatziko ditu, eta bestean bere datu pertsonalak: ezizena, izena, helbidea, adina eta telefonoa. Helbidea ondorengoa da: mutrikube@gmail.com.


SARIAK
Gazteen maila
1. saria. Txapela, 60 euro eta oparia.
Mutrikuar onenaren 1. saria. 30 euro eta oparia.
Mutrikuar onenaren 2. saria. Oparia.

Helduen maila
1. saria. Txapela eta 300 euro.
2. saria. 150 euro.
Mutrikuar onenaren saria. Bi lagunentzako afaria San Juan jatetxean.