Olatu-energia plantara bisita gidatuak egiteko aukera egongo da

2013/12/04
Bisitak turismo bulegotik kudeatuko dira.

Mutrikuko Udalak eta Energiaren Euskal Erakundeak, elkar hartuta, olatu-energia aprobetxatzeko plantara bisita gidatuen zerbitzua jarri dute martxan, udalerri horretako portua babesteko dikean kokatutako plantara, hain zuzen ere.  Zerbitzu berri horren bidez, itsasoko energia berriztagarria ustiatzeari begira eraikitako eta mundu osoan aitzindaria den instalazioa herritarrengana hurbildu nahi da.  

Erakunde bien artean lortutako akordioari esker, bisita gidatuen zerbitzua jarriko da abian. Bisiten kudeaketa Mutrikuko turismo bulegokoek egingo dute, eta haiek arduratuko dira Mutrikura joko duten eskolako taldeei,turistei edo nahi izanez gero, bertako herritarrei bisita gidatu egokia eskaintzeaz, eta aldi berean bisiten antolaketaz. Zerbitzu hori abian jartzeak ekarriko du energia plantaz dagoen informazio eskaria ase edo betetzea; izan ere, jatorri berriztagarria duen energia ekoizten ari den plantaz gero eta informazio eskari handiagoa dago. 

Bisita gidatuak egiteko erreserba turismo bulegoan bertan egin ahal izango da, Goiko plazan kokatua; baita telefonoaren bitartez ere (943-60 33 78), edo posta elektronikoaz (turismo@mutriku.net)

Bisita gidatuen zerbitzua EEE Energiaren Euskal Erakundeak babesten du, Atlantic Power Cluster deritzon proiektu europarraren bidez, EEE parte hartzen ari den egitasmoaz. Haren helburua da itsas energien alorrean estrategia bateratua sortzea Europan.

 

OLATUEN PLANTA

Mutriku Euskal Kostaldeko Geoparkearen barruan dago, zonaldeko ondare geologiko, paisajistiko eta kulturala sustatzeari begira eratutako parkea, eta urtero mundu osoko milaka pertsonak bistatzen dutena. Gainera, Mutrikuko Udalak konpromiso sendoa hartu du energia iraunkortasuna bultzatzeko sektore guztietan. Horren erakusle da, besteak beste, elektrizitatea sortzen duen olatuen plantara bisita gidatuen zerbitzu berri hori abiaraztea, gai horretan Mutriku munduko erreferente bat izatea ekarri duen planta, hain zuzen ere. 

Instalazioa 2011ko uztailean inauguratu zen, eta Europan lehen merkataritza planta da olatuen energia aprobetxatuz energia elektrikoa sortzen duena. Guztira, 296 kW-eko potentzia duten 16 turbinaz osatuta dago, aire konprimitua turbinatzeko, olatuek eraginda. Instalazioan ekoizten den energia guztia elektrizitatea banatzeko sarera bideratzen da, erabiltzaileen kontsumorako. Aurreikuspenen arabera, planta ekoizpen automatikoan egotean, 100 etxe ingururen premia elektrikoak asetzeko edo betetzeko gai izango da.