Ontzi birziklagarriak banatuko dituzte arraindegietan eta harategietan erabiltzeko
Gaur (urriak 28) aurkeztu dute, Ontziratu zaitez! kanpaina mutrikuko udaletxeko pleno aretoan. Bertan izan dira, Kutxabankeko Mutrikuko zuzendari Gari Furones, Kutxa Ekoguneko Kontsumo Jasangarria Saileko arduradun Amaia Otazo, Jaione Peña zinegotzia eta Joxean Agirregomezkorta ingurumen zinegotzia.
Mutrikun herriko harategi eta arraindegi guztiek parte hartuko dute kanpainan. “Eskertzekoa da agertu duten jarrera eta borondate ona”, adierazi dute bi erakundeetatik.
Etxebizitza bakoitzerako ontzi bana banatuko da, doan. Banaketa azaroaren 2an, 10:00etatik 13:00etara, Beheko plazan egingo da, eta Zero Zabor taldeak egingo du. “Merkatu txiki berezia, Lapiko Beltza izenekoa, egun horretan izango da. haren baitan egingo da banaketa”, azaldu du Jaione Peña zinegotziak. “Hurrengo eguenean ere (hilak 7), 17:00etatik aurrera, Goiko plazan, oraindik jaso ez duenak, bere ontzia eskuratzeko aukera edukiko du”.
Banatuko diren ontziak hozkailuan eta labean erabiltzeko pentsatuta daude. Gainera, birziklagarriak dira eta tinte ekologikoak erabilita eginak daude. “Herritarrei ontzi berdeak banatuko zaizikie. Kanpainako parte diren dendetan, berriz, urdinak edukiko dituzte, etxean ontzia ahaztuta datorren bezeroarentzat”, azaldu du peñak. “Ontzi urdinak baina, bueltan eraman behar dira saltokira”, azpimarratu du.
Ontzia erabiltzeak, ingurumenaren alde egiteaz gain, opariak lortzeko aukera emango du. Izan ere, datozen sei hilabeteetan, herriko arraindegietan eta harategietan ontzi berrerabilgarria erabiltzen dutenek hileroko zozketa berezietarako txartelak lortuko dituzte. “Hilean behin, denda bakoitzak 30 euroko balioa duten produktuen zozketa egingo du. txarteletan ze dendetakoak diren idatzita egongo da. beraz, ez dago galtzerik: zenbakia eta denda bat badatoz, hileko irabazlea zara”.
Ontzi berrerabilgarriak, Ontziratu zaitez! lelopean
Ontziratu zaitez! kanpainarekin arraina, haragia eta hestebeteak erosterakoan sortzen diren hondakinak murrizten lagundu nahi da. “Erosketa hauek egiterakoan hondakin kopuru handia sortzen da, produktu hauek paperean biltzeaz gain, plastikozko poltsa baten edo bitan sartzen baitira ondoren”, azaldu du Otazok.
Ekimen honekin hiru lorpen egiten direla ziurtatzen dute kanpainaren bultzatzaileek: batetik, erosketak egitea “erosoagoa” izango da. “Behin etxera heltzerakoan, ontzia zuzenean hozkailuan sartzeko aukera izango dute herritarrek; modu garbi batean gainera”, zehaztu du Otazok.
Bestetik, saltokientzako kostua murriztu egiten da. Izan ere, ez dute hainbeste paper eta plastikozko poltsa erabili behar izango. “Eta azkenik, lehengai gutxiago gastatuko denez, ingurumenarentzat, eta beraz guztiontzat, positiboa da”, gaineratu du.
Kutxa ekoguneak 2011ko maiatzean Ontziratu zaitez! kanpaina Hernanin martxan jarri zuenetik, egitasmoa gipuzkoako 27 herrietara zabaldu da. “Ordutik bi urte igaro dira, eta herritarrek ontzien erabilera barneratu dute, eta ingurumena kaltetzen duen hondakin kopurua murrizten ari dira. Mutrikun ere bide bera hartzea litzateke kanpaina honen helburu nagusia. eta hori zuen, herritarren esku dago”.
Parte hartzen duten dendak
Mutrikuren kasuan herrian dauden harategi eta arraindegi guztiak dira.
HARATEGIAK:
- Gaizka harategia (Aliprox, beheko Eroski)
- Arrizabalaga harategia( Erdiko kalea)
- Arrieta autozerbitzua (goiko Eroski).
ARRAINDEGIAK
- Damian arraindegia
- Gotzon arraindegia
- Onkaia
Informazio gehiago: www.ekogunea.net
www.facebook.com/ekogunea
@ekogunea