Pintura lehiaketa eta okela eta ardo dastaketa Santixotan nagusi

2014/07/26
Dastaketarako plaza bete jende bildu da; pintura lehiaketan egindako koadroen erakusketa uztailaren 31ra arte egongo da zabalik Zabielen.

Santixo Egunarekin Malen jaiak amaierara heltzen dira. Azkena izateragatik, ordea, ez da gutxiago, eta badira egun horretan bereizgarriak diren ekitaldiak ere: besteak beste, pintura lehiaketa eta okela eta ardo dastaketa.

Dastaketarako herriko baserritarrek prestatu eta zerbitzatutako okela gisatuaz gozatzeko aukera eduki zuten hainbat herritarrek. Ordua heldu orduko ilaran zain zeuden asko eta asko; eta orduak aurrera egin ahala gero eta gehiago izan ziren Goiko plazaraino hurbildu zirenak. Baina guztiek eduki zuten sukaldarien trebezia frogatzeko aukera. 1,5 euroren truke eskuratutako platertxoak garbi-garbi lagatzen zituzten ogiaren laguntzarekin: "Hori baino froga hoberik ez dago janaria ederra dagoela jakiteko", zioten bertan bildutako herritar batzuk.

Dastaketaren aurretik, ordea, baziren lanean hasitakoak ere: herrian han eta hemen sakabanatuta 40 margolari zebiltzan lanean. 34. margo lehiaketan zeuden parte hartzen. Eguerdira arteko tartea hartu zuten euren lanak bukatzeko, eta arratsaldean jakin ahal izan ziren irabazleen izenak. Honakoa izan zen epaimahaikideen erabakia:

1. Sebastian Velasco (Burgos)

2. Carlos Baudilio (Lekeitio)

3. Eduardo Alsasua (Gasteiz).

15 urtetik beherakoek ere parte hartu zuten. Horien artean, irabazlea Unai Ramos izan zen. Honen eta gainontzeko parte hartzaile guztien lanak ikusterik izan ez zutenek Zabielera hurbildu besterik ez dute egin beharko. Izan ere, uztailaren 31ra arte koadroak erakusketa gelan egongo dira nahi duenarentzako. Astegunetan, 18:30etik 20:30era egongo da zabalik; zapatu-domeketan, berriz, 12:30etaik 14:30era.

 

ARGAZKIAK: Udaletxeko facebook-ean (laster jarriko ditugu argazkiak eskuragarri)