'Pintxo-pote Mundiala' prestatu dute biharko Bertanekoek

2014/12/06
Munduko hainbat nazioetako pintxoak eskainiko dituzte herriko bederatzi tabernetan tragoarekin batera, gain kosturik gabe.

Bertaneko kideek Pintxo-Pote Mundiala antolatu dute domekarako (abenduak 7). Izenak berak dio guztia: munduko zenbait naziotako pintxoak izango dira, domekan, bertaratzen diren guztiei tragoarekin batera eskainiko diotena. Eta gainera, inolako gain kosturik gabe.

Bertaneko kide diren bederatzi tabernek parte hartuko dute Pintxo-pote Mundiala ekimenean: Alboka (Mexiko), Ametza Taberna (Bulgaria), Aranzubi Taberna (Dominikar Errepublika), Badi Bodegoia (Uruguai), Bare Bare Taberna (Senegal), Batzoki (Tailandia), Loretxu (Pakistan), Txalaparta (Rumania) eta Subeltz (Italia).

Ekimen honen bidez, Mutrikun bizi diren jatorri ezberdinetako bizilagunen gastronomia ezagutzera eman nahi dute. 19:00etatik aurrera izango da pintxo-pote berezia, eta gainera, hura eta herria girotzeko batukada eta trikitilariak ere egongo dira.