Samikollan eroritako pareta gogortuta dago
Samikolla 15-17 etxebizitzen atzeko aldean jausitako paretari eusteko lanak eginda daude. Udalak 65.000 euroko inbertsioa egin du pareta hori ondo eutsita gelditzeko.
Ikerlur taldea izan da proiektua zuzendu duena eta paretari eusteko proiektua egin eta gauzarazi duena. Lehendabizi pareta goitik behera garbitu zuten haren benetako egoera zein zen ikusteko. Garbiketaren ondorioz, pareta eusteko jarri behar zuten altzairuzko sarea bi metro luzatzea erabaki zuten. Beheko aldean altzairuzko barrekin ainguratuta dago sarea eta sarea bera paretaren erliebeari jarraituta ipini dute. "Ikerlurrekoek irtenbide egokiena zela iritizi ziotenez, haiek esandakoari jarraituta egin da obra", adierazi dute udal ordezkariek.
Behin pareta gogortuta, hurrengo pausoa beheko aldean pilatuta gelditutako harriak kentzea izango da. "Lan horretarako aurrekontuak ere eskatuta daude", aitatu du udal aparejadoreak.
Harriak kentzearekin batera, paretaren goiko aldean dagoen aisialdi gunea ere guztiz ziurtatzea da Udalaren nahia. "Momentuz, zinta batekin itixi dugu lekua, eta herritarrei zinta errespetatzeko eskatu nahiko genieke", adierazi zuen alkateak azkenengo Udalbatzan.