San Pedro Eguna biziberrituko du Balea elkarteak domekan
San Pedro Eguna berreskuratuko du Baleak Elkarteak domekan, ekainak 29. “Lehen egun benetan berezia izaten zen Mutrikun, eta ordukoa berpiztu nahi dugu, herriaren izaerari lotutako eguna baita”, nabarmendu dute Balea elkartetik. Horretarako, Udalaren laguntza edukiko dute.
Mutriku eta itsasoa elkarri lotutako bi termino dira Balea elkartearen ustetan. “Garaiak aldatu dira, baina oraindik ere Mutriku itsasoari begira bizi den herria da, eta itsasoari lotutako sektore ekonomiko garrantzitsua dauka”, azaldu dute. Sektore hori indartzea da Balea elkartearen helburu nagusia, eta elkartearen azken helburua, sektore horretako lanpostuak mantentzea eta gehiago sortaraztea da. “San Pedro Egunaren berpiztea bera herrian lanpostuak sortzeko eta mantentzeko sortua daukagun dinamikaren baitako ekintza bat gehiago izango da”.
San Pedro Eguna ospatzeko elementu bereziak batu dituzte Balea elkartekoek; besteak beste, jaia, kultura, kirola, oroimena eta ondarea. Horrela, egunerako prestatu duten egitarauan aipatu beharrekoak diren zenbait elementu daude. 12:30ean, esaterako, duela 100 urteko arrainen benta makina martxan jarriko dute. “1928ko benta liburuaren araberako arrain salmentaren simulazioa egingo dugu lehendabizi, eta ondoren, gaur eguneko benta bat irudikatuko ditugu”, adierazi dute. “Jendeak bien arteko aldea ikusi ahal izango du, horrela”. Arrain salmenten simulazioan Mutrikun arrain erosleak, komisionistak eta bitartekariak izan diren pertsonek parte hartuko dute, ahalik eta errealena izateko.
Jaia egiteko tartea ere hartuko dute. Izan ere, arraina protagonista duen herri bazkaria ere egongo da: arrain paella eta legatza txapan izango dira bim plater nagusiak. Bazkariak 15 euro balio ditu, eta txartelak erosteko honako gune hauetara jo beharko dute herritarrek: Piper denda, Bar Puerto, Txirlatxo, Kofradia Zaharra eta turismo bulegoa. “Bazkaritara arrantzale jantzita etortzea eskatu nahi diogu herritarrei”.
Egun horretan ere, Gipuzkoako lehen zinga lehiaketa jokatuko da.
San Pedro Eguna mariñelen eguna izanik, itsasoak eramandako arrantzaleak gogoan hartzeko ere baliatuko dute. “Herriak itsasoarekin duen lotura mantendu eta biziberritu nahi dugu; eta itsasoarekin lotuta oroimena ere bizirik mantentzea lortu nahi genuke”. Gauzak horrela, gai horren inguruan Jabier Basterretxea Txordo-k herritarrak egindako bilduma lana erosteko aukera eskainiko dute hiru euroren truke. “Liburuarekin batera inkestatxo bat banatuko dugu jakiteko ea herritarrek itsasoan galdutakoen oroimena gordetzeko zerbait egin nahi ote duten, eta hala balitz zer eta non egingo luketen”. Inkesta bete nahi duten guztiek izango dute horretarako aukera. Izan ere, liburuxkarekin batera banatzeaz gain, udaletxeko harreran ere hartu ahal izango dute, eta udal webgunearen (www.mutrikukoudala.net) bidez ere bozkatu ahal izango dute.