San Pedro Egunak bere lekua topatu du berriro ere Mutrikun

2014/07/02
Garai zaharrak berrituz, San Pedro Egunean hainbat herritarrek parte hartu dute.

San Pedro Eguna biziberritzea. Hori da Balea Elkarteak, Udalaren laguntzarekin, lortu nahi zuena, eta domekan portuan bizi izan zen guztia kontua hartuta, helburua lortu dutelakoan daude.

Gipuzkoko Zinga Txanpelketarekin ekin zioten egunari. Ikuskizun dotorea eskaini zuten parte hartzaileek. "Gaur egun ikusten ez den arraun egiteko modua ikusteko aukera eskaini dute, eta lehia gogorra egon da, gainera", azaldu dute Balea elkartetik. Txapela Josemiel Bedialauneta Papardo-rentzat izan zen.

Eguerdiko hamabietan, sirena soinuak arrain bentarako deia zabaldu zuen. Bentalekuak ateak zabaldu zituen aintzina bezala, eta bertan batu ziren garai bateko arrain-erosle eta bitartekariak. Duela 100 urte baino gehiagoko makina duela ia 100 urte egindako arrain-salmentaren simulazioa egiteko baliatu zuten. Bentalekuko makinak inolako ajerik gabe erantzun zuen, eta bertan bildutako jendetzak herritar gutxi batzuk ezagutzen zuten prozesuaz gozatu ahal izan zuten.

Kofradiako liburuak erabilita, 1928ko arrain-salmentaren simulazioa egin zuten lehendabizi. Eta ondoren, gaur egun Elenita Berria ontziak egindako arrantzaren salmenta irudikatu zuten. "Aspaldiko eta gaur eguneko salmenten arteko desberdintasunak agerian utzi nahi genituen, besteak beste, bi garaietako salmentak elkarren atzetik irudikatuta", azaldu dute Balea elkartetik.

Salmenta amaitu eta gutxira, Txurruko plazan batu ziren portuan zebiltzan mutrikuarrak. Erreibindikazioa zen, oraingoan, biltzen zituena. Bi pankarta sendo atera zituzten: Babes dikea amaitu eta Portua mutrikuarrona da; aski da!.

Elkarretaratzea amaituta herriko abesbatzen txanda izan zen. Itsasoari lotutako abestiekin egin zuten eguerdira artekoa. Eta egunari amaiera emateko Kofradia zaharrean bertan herri bazkaria egin zuten. 150 lagun bildu ziren. Menuan arraina izan zuten nagusi: arrainarekin eta itaskiekin egindako paella eta zapoa plantan. "Jendea gustura atera da. Ondo jan, ondo abestu eta giro onean egon ondoren, hurrengo urterako listo zeuden asko!".

HERRIAREN IRITZIA BATU NAHIAN

San Pedro Egunean oroimena berreskuratzea ere bazen helburuetako bat.

Horretarako, alde batetik, Jabier Basterretxea Txordo mutrikuarrak egindako bilduma-lana eskuratzeko aukera eskani zuten. "Txordoren lanak Itsasoan galdutako mutrikuarrak 1509-2009 izenburua dauka eta hiru euroren truke eros zitekeen", azaldu dute. "Lan handia dago egina bertan eta herritarrei etxean edukitzea gustatuko litzaiekela pentsatu genuen".

Txordoren liburuxkarekin batera, inkesta bat ere banatu zuten Balea elkartekoek. Bertan itsasoan galdutakoen oroimena ez galtzeko zer egin eta non jarri galdetzen zuten. "Inkesta orain ere eskuragarri dute herritarrek: turismo bulegoan eta udaletxeko harreran paperean, eta interenetez egin nahi dutenek, udaletxeko webgunean topatuko dute horretarako aukera".


EGUNEKO ARGAZKIAK

(Argazkiak jaisteko balio du lotura honek).