Sasoiko fruta dakar oraingoan azoka txikiak

2013/10/02
Urrian hileko lehen zapatuan (hilak 5) egitea erabaki dute herritarrek; ohi bezala, beheko plazan eta 09:00etatik 14:00etara izango da.

Orain arteko ekoizleei Sagarmiña baserria (Olabarrieta, Mutriku) gehituko zaie urriko azokan. Horrela, barazkiei, gaztari, loreei, eta inguruan ekoizten diren sasoiko gainontzeko produktuei, sasoiko eta bertoko fruta eskuratzeko aukera gehitzen zaie.

Sagarmiñako frutak hainbat sari jasotakoa da, eta sasoian saoikoa ekarriko du Beheko plazako azokara. Ohi bezala, ekimena 09:00etan hasi eta 14:00ak arte izango da.

Sagarmiñakoekin batera, han izango dira oraingoan ere, Ibiri, Goienetxe, Aritza, Antia, Itxas-Gain, Basailun (Ekoalboraz) baserrietako produktuak, Ondare enpresakoen mermeladak eta Iratxe loretegiko loreak. Azokak, bere filosofiari jarraituz, bertoko eta sasoiko produktuak erosteko aukera eskainiko die herritarrei, bertatiki bertara.