Saturrarango kartzelan egondako emakumeei omenaldia egin die Ahaztuak elkarteak

2014/03/11
Mutrikuko Udaleko ordezkariak izan ziren Angeles Perez Leon preso ohia eta preso egondako beste zenbait emakumeneren senitartekoak bildu zituen ekitaldian.

Ahaztuak elkarteak Saturrarango kartzelan preso egondako emakume antifaxistak omendu zituen martxoaren 9an.

Elkarteko ordezkariak adierazi zuenez, eguna hunkigarria izan zen. Omenaldian Angeles Perez Leon kartzelako preso ohia egon zen. Harekin batera, Etelvina eta Lucrecia Salasen ilobak egon ziren ekitaldian. Memoria historiko, demokratiko eta antifaxistaren barruan, kartzelan preso egon ziren emakumeen sufrimendua, duintasuna eta borroka azpimarratu nahi izan zuen Ahaztuakek.

Ekitaldian Joseba Palenzuela alkatea eta Arrate Uranga zinegotzia eta alkateordea egon ziren. “Ekitaldiak memoria berreskuratzeko ezinbestekoak dira. Zuzenean jasotako testigantzak, zeharkakoak,…guztiak dira beharrezkoak memoria berreskuratzeko”.

Angeles Perez Leonek mikroa hartu zuenean, malkoren bat edo beste ere agertu zen entzuleen artean. “Ni pribilejiatua izan nintzen. Beste batzuk ez ziren hemendik atera. Kartzelan zaudenean, eta heriotz zigorra duten kideak aldamenean dituzunean, borroka da azpimarratu behar dena. Borrokatzea ondo dago, baina lasaitasunetik borrokatu behar da. Eta horretarako guztion arteko batasuna bermatu behar da”.

EKITALDIA IKUSI:

)

 

Testua: Mutrikuko Hitza

Bideoa: Koska irratia

Argazki galeria: Udalaren facebook-eko orrialdean