SOS Arrazakeriak taldeak bere azken lana estreinatzeko aukeratutako zazpi herrian artean Mutriku dago

2013/12/09
Bihar, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunarekin bat eginda, 19:00etan, Zabielen, izango da emanaldia; zuzendarietako bat Enekoitz Andonegi izan da, eta bihar bertan izango da herritarren galderei erantzuteko.

Astigarraga, Bilbo, Donostia, Errenteria, Getxo, Zarautz eta Mutriku. Horiek izan dira SOS Arrazakeria taldeak euren azken lana estreinatzeko aukeratu dituen herriak. Dokumentala estreinatzeko egun berezia aukeratu dute, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna.

Astigarragan bizi diren ijituen gaiari kolpe egiten dion dokumentala da, bihar, 19.00etan, Zabielen aurkeztuko dena. Europa ekialdeko ijitu etniako 100 lagun inguru bizi dira Balta Txuria eta Balta Berdea auzune edo kokaguneetan, Urumea ibaiaren ertzean. 2012. urtean Astigarragako Udalak herrigune gisa onartu zituen bi lekuok, eta bertako biztanleak erroldatu. Erabaki ezohiko bezain eztabaidatua.

Balta txuria, Balta Berdea. Urumearen  Zurrumurrua dokumentala ikusi eta gaiaren inguruan lanaren egileetako batekin berriketan egiteko aukera egongo da,  Enekoitz Andonegi mutrikuarra izango da bertan.

Sarrera doan da.

Hemen dokumentalaren aurrerapena.

 

DOKUMENTALAK ETA ESPERIENTZIAK

Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira, beste bi dokumental ere eskainiko dira abenduaren 17an eta 22an.

Abenduaren 17an, Gu ere harrera familia gara ikusi ahal izango da. Zuondo produkzio/etxeak eginiko lana da (35 – 40 minutu). Dokumentalaren aurkezpenerako, harrera proiektuaren inguruan lan egiten duen Beroa Elkarteko Goizargi Iglesias etorriko da. 

Dokumentala amaitutakoan harrera programan parte hartzen ari den herritar baten testigantza entzun ahal izango dute herritarrek zuzenean. 

Bestea,  Emakumea Film Laburrean da. Aurkezpena jendarteko batzordeburu Arrate Urangak egingo du. Iraupena 77 minutukoa da.