TAO zerbitzua ekainaren 22an jarriko da martxan Burumendin eta Saturraranen

2015/06/12
TAO zerbitzuarekin batera, sosroleak ere lanean hasiko dira.

Ekainaren 22tik aurrera, TAO zerbitzua egongo da Saturraranen eta Burumendin. Ibilgailuen zerga Mutrikun ordaintzen ez duten guztiek ordaindu egin beharko dute bi gune horietan aparkatzearen truke.

TAO zerbitzua abuztuaren 31ra arte egongo da jarrita, 10:00etatik 20:00etara, baina herritarrentzat doakoa izango da; baita ibilgailuen zerga Mutrikun ordaintzen duten guztientzat ere. “Guzti horientzat zerbitzua doakoa izateko, pegatina bat bidali zaie etxera. Pegatinan bertan esaten du non jarri behar den, eta jarraibideei kasu egiteko eskatzen diogu jendeari, zaintzaileen lana erraztu eta gaizki ulertuak ekiditeko”, azaldu du Joxan Agirregomezkorta gobernazioburuak.

Udatiarrek ere txartela eskuratzeko aukera edukiko dute. Horretarako, etxebizitzen gaineko zerga Mutrikun ordaintzen dutela egiaztatuko da, eta 40 euro ordaindu beharko dituzte.

TAO zerbitzuarekin batera hasiko da sorosle zerbitzua ere. Zerbitzu hori Gurutze Gorriari esleitu dio Udalak. Ekainean eta uztailean honako ordutegia edukiko dute: ekainean eta uztailean, astegunetan, 11:30etik 19:00etara, eta asteburuetan, 11:00etatik 19:00etara. Abuztuan, berriz, egunero 11:00etatik 19:00etara egongo dira.

Sorosleek Mutrikuko hondartza eta inguruak eta Saturraran zainduko dituzte; Ondarbeltz zaindu gabeko gunea izango da.

PORTUA OINEZKOENTZAT EKAINAREN 15ETIK

Aurreko urtean egin zen bezalaxe, portuko gunean oinezkoei lehentasuna eman nahi die Udalak. Horrela, Intxirri parean (Lonja zaharra pasa eta batera), bidea itxita egongo da ibilgailuentzat.

Gune horretan garajeak dituzten herritarrek udaltzaingora joan eta pasatu ahal izateko giltza eskuratuko dute. “Bide batez, herritarrei gogorarazten diegu, egunean zehar, ordu erdiz laga ahalko dutela ibilgailua Intxirrian”, azpimarratu du Agirregomezkortak.