Txantxangorri aisialdi taldeak 15. urteurrena ospatuko du zapatuan
Txantxangorri aisialdi taldeak hainbat ekintza burutzen ditu urtean zehar herriko txikienekin; ludoteka, haur liburutegia, oporraldietako tailerrak, jaietako egitarau bereziak, udalekuak eta beste hainbat ekimenetan buru-belarri aritzen dira, eta oraingoan 15. urteurreneko egun beteko jaia dute esku artean. Urteurreneko festa apirilaren 18an, zapatuan, ospatuko dute, tartean bazkaria ere izango dutelarik.
Bazkarirako izena emateko epea zabalik dago eta izenak Sabina eta Potero elikagai dendetan, Alboka kafetegian edo eta Subeltz, Goitibera eta Bare-Bare tabernetan jasotzen dihardute. 16 urtetik gorakoek 10 euro ordainduko dute txartela, eta 16 urtetik beherakoek berriz 8 euro.
Egunerako antolatu duten egitaraua berriz aberatsa da benetan; 11:00etan txupinazoa eta Txantxaren kanta abestuko dute. Ondoren Erraldoi eta Buruhandien konpartsa aterako da txistulariekin. 12:00etan zezen txikiak izango dituzte eta 14:00etan bazkari herrikoia, merkatu plazan. Bazkal ondoren, jolasak eta txaranga izango dute, eta 17:30etan, eguneko ekimenik nagusiena, izan ere 'Irrien Lagunak' ikuskizuna Mutrikun izango baita. Bukaeran, berriro ere, Txantxanen kanta abestu eta disko festa izango dute eta 20:00ak aldera amaiera.
Gaur egun Txantxangorrin dihardutenak dei bat luzatu dute ahalik eta jende gehienak parte har dezan, denen gustukoa izango baita antolatutako festa.
Testua: A. Gorritiberea