Udaberri usaina dakar azoka txikiak zapatuan

2015/04/08
Iratxe loredendak lore lehorren eskulan tailerra eskainiko du nahi duen guztiarentzat

Apirileko azoka txikiak udaberria bete-betean bere egingo du. Sasoiko produktuak eskaintzearekin batera, udaberriko sinboloetako batekin - loreekin, hain zuzen ere- eskulanak egiteko aukera eskainiko die herritarrei.

Ohi bezala,  han izango dira Ibiri, Antia, Maritxu-Itxasgain, Aritza, eta Ekoalboraz baserrietako produktuak eurek ekoiztutako sasoiko produktuekin. Haiekin batera azoka honako hauek osatuko dute: Ondare enpresako mermelada eta kontserbak, Julian Villenaren eztiak eta Iratxe loredendako loreak. Hain zuzen ere, azken denda horretako arduradun Iratxe Barruetabeña mutrikuarra izango da herritarrei lore lehorrekin esku-lanak egiten erakutsiko diena. Tailerra 12:00etatik aurrera izango da; azoka, berriz, 09:00etatik 14:00ak arte egongo da zabalik.