Udako zerbitzuak martxan dira

2016/06/15
Ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean eskainiko dira Mutrikuko hondartzan etaSaturraranen aparkatze, sorospen eta autobus zerbitzuak

Gaur, ekainak 15, udako denboraldiaren hasierarekin batera, Mutrikuko hondartzan eta Saturraranen udako zerbitzuak jarri dira martxan: Kotxeak aparkatzeko TAO zerbitzua, sorospen-zerbitzua eta Mutrikuko hondartzara joateko autobus-zerbitzua.

Gaurtik aurrera eta irailaren 15era bitartean, bi hondartza horietara kotxez hurbiltzen direnek TAO zerbitzuari izango dute bertan. Ibilgailuaren zerga Mutrikun ordaintzen dutenek kotxearen kristalean itsatsita izan beharko dute jaso duten pegatina. Kanpoko kotxeek, berriz, hondartza-eremu horietan kotxea aparkatzeagatik ordaindu egin beharko dute.

Sorospen zerbitzuari dagokionez, esan irailaren 15era bitartean goizeko hamaiketatik arratsaldeko zazpiak arteko ordutegian izango direla hondartzan, Mutrikukoan eta Saturraranen, hondartzaren erabiltzaileek izan ditzaketen gorabeherak artatzeko.

Mutrikuko hondartzara jaisteko eta handik herrira igotzeko autobus-zerbitzua ere ekainaren 15etik aurrera martxan izango da irailaren 15era arte. Herri barruko urte osoko ordutegiaz gain, ekainaren 15etik irailaren 15era zerbitzu berezia egingo da Errotondatik irten eta hondartzara jaisteko. Hondartzara jaisteko zerbitzu hau egunero-egunero izango da, astelehenetik igandera. Irteeran 12:30etan eta 13:30etan izango dira. Hondartzatik herrira altzatzeko, berriz, 13:00etan eta 13:45ean irtengo da autobus txikia hondartzatik. Hondartzatik igotzean, autobusa auzoz auzo eramango du jendea. Uztailean eta abuztuan, aipatutako ordutegiez gain, hirugarren ordutegi bat ere izango da: 14:00etan errotondatik irten jaisteko; eta 14:30etan herrira altxatzeko.