Udala lehenbailehen hasiko da denboraleak eragindako kalteak konpontzen
Udalak denboralak egindako kalteei lehenabilehen ipini nahi die erremedioa. Udalaren esku dauden bi guneak -Mutrikuko hondartza inguruak eta Saturrarango hondartza inguruak- izan dira, hain zuzen ere kalte nabarmenenak izan dituzten eremuak.
Mutrikuko hondartza pareko aisialdi gunea hankaz gora utzi du itsasoak. Brigadak gaur goizean ekin dio gune hori txukuntzeari. Saturraranen, berriz, aparkalekua hondartzaren luzapena bihurtu da, eta lurzorua oso kaltetuta dago. Bi guneetan, material ugari dago pilatuta (harriak, enborrak, lurra, hondarra…), han eta hemen.
Bestelako kalteak ere izan dira; besteak beste, portu barruko pantalanetako bat hautsi egin da, igerileku berriaren inguruan harlauza ugari errotik atera ditu itsasoak, baranda metro ugari txikitu ditu, eta argiteria, hiri-altzariak eta seinalizazioak apurtu ditu. "Gune bakoitzaren ardura duten erakundeekin ere harremanetan jarriko gara, gertatuaren berri emateko eta konponketa beharrez hitz egiteko", adierazi du alkateak.
Itsasoak eragindako kalteak ikustera etorri da gaur goizean ahaldun nagusi Martin Garitano. Kostako herri guztiak bisitatu ditu Garitanok; tartean, Mutriku. "Kostako herritako alkateei dei egin digu Aldundiko ordezkariekin, Kosten Mugapeneko ordezkariekin eta Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendaritzako ordezkariekin biltzeko eguenean".
Mutrikun, zorionez, kalte materialak bakarrik izan dira. "Eskerrak eman nahi dizkiet herritar guztiei, orokorrean, Udalak jarritako seinaleei kaso egiteagatik, eta bereziki eskertu nahi nituzke portuan atzo goizaldean lanean aritu ziren herritarrak; haien ardurari eta lanari esker kalte handiagoak saihestu dira eta", gaineratu mahi izan du alkateak.
Oharra: Argazki gehiago Udalaren facebook orrialdean.