Udalak dituen aparkalekuen okupazio maila igotzeko neurriak hartu ditu
Udalak bere esku dituen aparkalekuei errendimendu handiagoa atera nahi die; bide batez, autoak kaleetatik ateratzea da asmoa.
Asmo hori lortzeko, honako neurri hauek hartu ditu Udalak: alde batetik, Egañaneko aparkaleku ertainen prezioa jaitsi. Eta beste alde batetik, Fondaberri erabiltzeko aukera berria sortu: urtean 20 euroren truke, egunean hiru ordu doan aparkatzeko aukera.
Egañaneko garajeen inguruan hartutako erabakiak ez die bakarrik okupatu gabe dauden garajeei eragingo; tamaina ertaina duten guztiei eragingo die beherapenak.
Garaje ertainen alokairu prezioa, orain arte, hilean 76,83 eurokoa zen; 2014an, 60 eurokoa izango da. “Prezioak jaitsita jendeak garaje propioa edukitzeko aukera aprobetxatzea da espero duguna”, azaldu du Gobernazioburu Joxean Agirregomezkortak. “Hartutako neurriak urtebetean eraginik edukiko ez balu, atzera buelta egin beharrean egongo ginateke, eta lehengo prezioetara bueltatu . Beraz, zenbat eta jende gehiago animatu hobe izango da”.
Egañaneko garajeetan, alokairurako 24 garaje ertain gelditzen dira. Interesa dutenek udaletxeko harrerara jo beharko dute.
Fondaberriko aparkalekuari dagokionez, iaz hasitako ekimen bati jarraipena ematea izan da hartutako erabakia. Iaz,urtean 10 euro ordainduta, egunean ordu eta erdi doan aparkatzeko aukera ematen zuten txartelak sortu zituen Udalak. “228 herritarrek egin zuten txartela. Arrakasta ikusita, 2014an 10 euroko txartela mantentzeaz gain, beste bat ateratzea erabaki dugu”, gaineratu du Agirregomezkortak. Txartel berriak urtean 20 euroren truke, egunean hiru ordu doan aparkatzeko eskubidea emango die herritarrei.
Herrritarren esku dauden Fondaberriko txartelak hilaren 31atik aurrera desaktibatu egingo dira. Txartela berriz martxan jartzeko, erabiltzaileek 10 edo 20 euroko ordainketa egin beharko dute, eta udaltzainek aktibatuko dizkiete txartelak berriro. Prozesu hori urtarrilaren 2tik aurrera egin ahal izango da. “Txartela aktibatzeko asmorik ez dutenei, udaltzainetan bueltatzeko eskatuko genieke. Izan ere, txartel horiek berrerabiltzeko daude pentsatuak”.
Txartelik ez dutenek, berriz, eskaera orriak udaletxeko harreran lortu ahal izango dituzte. “Ondoren, bankuan ordainketa egin eta udaltzainek txartela egingo diete momentuan”.