Mutrikuko Klima eta Energia Plana osatzen lagundu nahi duzu?

Mutrikuko Udalak, klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko Mutrikuko ekintza-plana osatzeko prozesuaren baitan, herritarrei zuzendutako online galdetegia eskuragarri jarri du udal web gunean (mutriku.eus). Berau osatzeko epea otsailaren 10etik 21era bitartean irekita egongo da.
2024ko apirilean abiatu zen energia trantsizioak eta klima-aldaketak dakartzan erronkei erantzuteko herriaren errealitatearekin bat etorriko den 2030 urtera begirako ekintza-plana lantzeko “Mutriku, herri bizigarri” prozesua. Lehen urratsa herriko egoeraren abiapuntuko egoera zein den ezagutzea izan da eta horren emaitza “Energia eta Klima-aldaketari buruzko Mutrikuko diagnostikoa” izeneko dokumentua da. Diagnostikoa lantzeko garaian udalerriko sektore ezberdinei zuzendutako elkarrizketak ere egin ziren eta herritarrak sentsibilizatzeko asmoz, podcast ezberdinak ere entzungai daude.
Diagnostikoan jasotako ondorioetatik abiatuz eta herritarren partaidetza-prozesuari esker, Udala 2030 urtera begirako helburuez eta helburuak lortzera bideratutako ekintzez osatutako ekintza-plana lantzen ari da une honetan. Gainera, Udalak ezinbestekoa ikusten du ekintza-planean herritarren ikuspuntua txertatzea, eta horretarako, herritarrei zuzendutako online galdetegian parte-hartzeko gonbita egiten du.
Online galdetegia osatzeko esteka: labur.eus/KlimaInkesta
“Mutriku, herri bizigarri” prozesuko dokumentu guztiak hemen kontsulta daitezke.