Udan futbol zelaia irekita egongo da herritar guztientzat

2012/07/09
Uztailaren 9tik aurrera, San Miguel futbol zelaia irekita egongo da, 10:00etatik 21:00etara. Oinarrizko arautegia ezarri da haren erabilpenerako, eta hura jarraitzea da herritarrei eskatzen zaien bakarra. "Espazioa umeei, gazteei zein helduei eskaini nahi die udalak, aisialdia eta kirola uztartzeko", azpimarratu dute Kirol batzordetik

San Migel zelaiaren erabilpenerako araudia zelaian zein udaletxeko azpiko kirol informazioa gunean aruki dezakete herritarrek.

Bertan jasotakoaren arabera, inoiz ezingo da zelaia bere osotasunean hartu. Lagun taldeek zelai erdia erabili beharko dute (F-8ko guneak) partiduetarako. Horrela, zelaia jende gehiagok erabili ahal izatea lortu nahi du udalak. Herritarrek ez ezik kanpotarrek ere aukera izango dute zelaian ibiltzeko, baina inolaz ere ezingo dute entrenamenduetarako erabili. Gainera, kontuan hartu beharko da, herritarrek lehentasuna izango dutela. "Herriko kirol taldeak entrenatzen hastean, haiek izango dira, guztien gainetik, lehentasuna edukiko dutenak. Gainontzekoentzat ordutegi berria jarriko da", azaldu dute.

Horretaz gain, zelaiaren erabiltzaileek ezingo dute jan edo edan, ezta erre ere. Eta debekatu egin dute patinekin, bizikletekin edo bestelako gailuekin zelaira sartzea. Araudia betetzen ez duena zealitik kanporatua izango da.

Zelaia ixtearen eta irekitzearen ardura udaltzainen izango da. Herritarrek erabilera oker bat salatu nahiko balute ere, haiengana jo beharko lukete. Zelaia zaintzea, ordea, herritarren eginbeharra izango da. "Futbol zelaia herriko ondarea den aldetik, herritarrei behar den bezala erabiltzea eskatzen diegu. Denborak eta jendeak ematen dion erabilerak esango digu hartuko erabaki honekin aurrera jarraitu ala ez".