Umeek herribusean joan ahal izango dute ikastolara aurrerantzean

2013/09/25
Moilatik irten, eta komentuan, futbol zelaiaren parean eta Goiko plazan batuko ditu umeak eta 09:00etarako ikastolan egongo dira.

Herribusak orain arteko zerbitzua zabaldu egingo du, herritarren beharrizanei egokitzeko: umeak ikastola herribusean igo ahal izango dira, aurrerantzean.

Mutrikuko ikastola zen institutua herriaren goiko aldean gelditzen dira, eta herritar askok umeak autoan igotzen dituzte. Hori dela eta, bereziki, ikastolarako sarrera orduan– 09:00etan– auto pilaketa handiak sortzen dira inguruetan, horrek berarekin dakarren arrisku eta eragozpenekin. Hori dela eta, herribusaren zerbitzua egokitu eta umeak autobusean joatea aukera eskaintzea erabaki du Udalak. “Zerbitzua egokitzen joatea zen hasieratik asmoa. Azken finean, herritarren beharrizanei erantzutea da lortu nahi duguna, eta beharrak aldatu ahala Udalak haiei erantzuteko ahalegin guztiak egingo ditu”, adierazi dute udal ordezkariek.

Herribusa moilatik aterako da 08:45ean, eta hiru geldialdi egingo ditu ikastolara bidean: Santa Katalina komentuaren parean, futbol zelaiaren inguruetan (San Miguel ikastetxera igotzeko eskilaren parean) eta Goiko plazan. “Samikolla inguruetan bizi direnek ere edukiko dute autibusean igotzeko aukera: Samikollatik 08:35ean aterako da eta 08:40ak aldera ikastolan egongo dira”, aitatu dute.

Urritik aurrera, igotzeko ez ezik, ikastolatik herrira jaisteko aukera ere eskainiko du herribusak. 12:35ean kiroldegi pareko aparkalekuan jasoko ditu, eta Kalbaixorako bidegurutzean, Txanbolingo biribilgunean, futbol zelai parean, komentuan eta moilan utziko ditu umeak.

Zerbitzuak, baina, herri zerbitzua izaten jarraituko du; hau da, ez da ikastolaren zerbitzua izango eta ondorioz, ez da umeen ardura hartuko duen monitorerik egongo. Gauzak horrela, bakarrik joateko adinean daudenak, hala egin ahal izango dute, baina txikienek heldu batek lagunduta joan beharko dute. Aipatu behar da lau urtetik beherako umeek ez dutela zerbitzua ordainduko. “Ibiliak erakutsiko digu, beti bezala, hobetu beharrik dagoen, eta hala balitz, horretara jarriko ginateke, dudarik gabe”, nabarmendu dute.