Urtarrilean 100dik gora lagunek berritu dituzte Fondaberriko txartelak
100dik gora lagunek berritu edota egin dute Fondaberrin aparkatu ahal izateko txartela. Aurten bi txartel mota daude: urtean 20 euro ordainduta, egunero hiru ordu aparkatzeko aukera ematen duena; eta urtean 10 euroren truke, egunero ordu eta erdi aparkatzeko balio duena.
Udalak iaz jarri zuen martxan Fondaberriko txartelen sistema, lehenengoz. Herritarren artean erantzun ezinhobea izan zuen: 10 euroko txartela, 228 herritarrek eskuratu zuten. “Diru gehiegi ordaindu gabe, erosotasun handia lortzen dute herritarrek. Autoa aparkatu ezinda ibili beharrean, Fondaberrin utzi eta lasaitasunez egin beharrekoak egiteko aukera dute.”, aipatu du gobernazioburu Joxean Agirregomezkortak.
Jendearen harrera ona ikusita, aurten bigarren txartela ere kaleratu du Udalak: 20 euroko txartela. “Erdiak baino gehiagok txartel hori aukeratu dute, aurten”.
Txartela iaztik dutenek, Kutxan ordainketa egin eta udaltzainetara jo besterik ez dute egin behar. “Txartela aldatu beharrik ez dute herritarrek; egiten duten ordainketaren araberako eskumena emango diete udaltzainek”. Txartela egin nahi dutenek, lehendabizi, udaletxeko harreratik pasa beharko dute, eta izena-emateko inprimakia bete. “Inprimakiarekin eta ordainketaren ziurtagiriarekin udaltzainetara jo eta haiek emango dizkiete txartelak”.
EGAÑANEKO APARKALEKUETAN BEHERAPENA
Autoarentzat irtenbide egonkorragoa bilatzen ari direnentzat Udalak beste neurri bat ere jarri du indarrean: Egañaneko aparkalekuetan aparkaleku ertainak merkeago eskuratu ahal izango dira aurten.
Udalaren asmoa, bere esku dauden azpiegiturei ahalik eta erabilera handiena ematea da; eta bide batez, erabiltzaileak gehituta, herritarrek ere onuraren bat izatea. “Iaz hilean 76,83 euro ordaindu behar ziren aparkaleku ertain baten alokairuagatik; aurten, ordea, hilean 60 euro ordaindu beharko dira”. Egañaneko aparkalekuek autoa gordetzeko leku itxia eskaintzen dute.
Informazio gehiago nahi izanez gero, udaletxeko harrerara jo dezakete herritarrek.