Urte berriarekin batera Herribusa martxan dago

2014/01/15
Ordutegi berria dauka herri barruko autobus zerbitzua; iazko erabiltzaileen ohiturak kontuan hartuta diseinatuta dago, baina urte guztian ibiliko da martxan.

Herribusak ordutegi berriarekin hasi du urtea. Iazko erabilera datuak eta ohiturak izan dira ordutegi berriaren oinarria. Hori kontuan hartuta, zerbitzua urte guztira zabaltzeko modua topatu du Udalak.

Herribusa urtarrilean, otsailean, martxoan, apirilean, maiatzean, urrian, azaroan eta abenduan 08:00etatik 11:00etara egongo da martxan, eta, anbulategitik birritan pasatzen den bira egiteaz gain, ikastolara igotzeko zerbitzua ere mantenduko du. Izan ere, goizeko lehen ordutako anbulategirako zerbitzua eta ikastolarako zerbitzua izan ziren iaz erabiltzaile gehienek erabilitakoak.

Ekainean eta irailean, berriz, goizeko ordutegiari, arratsaldeko ordu batzuk gehituko dizkiote: 12:30etik 13:45era ere herri barruko autobus zerbitzua martxan egongo da, eta arratsaldeko ordu tarte horretan moilaraino jaitsiko da. Izan ere, arrakasta izan duen beste zerbitzu bat udan moilara jaitsi eta igotzeko jarritakoa izan zen.

Azkenik, uztailean eta abuztuan, udaldian guztiz sartuta, honako hau izango da ordutegia: 08:00-11:00, 12:30-14:30 eta 18:30-20:30. Azken bi ordu tarteetan, moilatik igo eta jaisteko aukera edukiko dute herritarrek.