Uztailaren 1etik aurrera udalak zuzenean kudeatuko du kiroldegia
Mutrikuko kiroldegiaren kudeaketa Kirolberri enpresaren eskuan egon da azken urteetan. Ekainean, Udala eta enpresa horren arteko kontratua bukatzean, Udalak kudeaketa bere gain hartuko du. Udal kirol teknikaria izango da gestioaren arduraduna.
Kudeaketa zuzenaren aldeko erabakiarekin, kiroldegiak Udalari eragiten dion gastua gutxitzea lortu nahi da. “Kirolberrik egindako lanarekin gustura egon arren, kanpo enpresa batek kiroldegia gestionatzeak eskatzen duen inbertsio ekonomikoa handiegia da Udalarentzat”, azpimarratu du Iban Arrunategi kirol batzordeburuak.
Azken urteetan egindako murrizketak eta guzti, 2012an gastua 106.000 eurokoa izatera iritsia da. Udalak gestioa bere gain hartzeak, 16.000 euro inguruko aurrezpena suposatuko du 2013an. “Gastuen gaineko kontrola berreskuratzeaz batera, aurrerantzean, sarrerak ere zuzenean kudeatuko ditu Udalak; hau da, gastua eragiteaz gain, diru-sarrera iturria ere izango da, orain arte ez bezala”, gaineratu du Arrunategik.
Kudeaketa eskuz aldatu arren, kiroldegiak orain arteko eskaintza berari eustea da Udalaren asmoa. “Aktibitate berdinak mantentzea da gure asmoa. Horrez gain, herritarrek beste onura bat ere jasoko dute. Izan ere, asteburuetan kiroldegia zabaltzea aurreikusten da”, nabarmendu du.
Onura nabarituko duten beste herritar batzuk kirol talde federatuetan parte hartzen dutenak izango dira. Izan ere, aurrerantzean, gainontzeko udal instalazioetan bezalaxe, udal kirol, politika aplikatuko da kiroldegian, eta ez dute kiroldegia erabiltzeagatik ordaindu beharko.
BAZKIDETZAK BERRITZEA
Uztailaren 1etik abuztuaren 14ra arte zabalik egongo da kiroldegia erabiltzaileentzat (asteburuetan ez da zabalduko denbora tarte horretan). “Bi hilabete horietan bazkide txartxelak berritzeko edo egiteko unea izango da”, dio Arrunategik.
Irailean, berriz, ateak bete-betean zabalduko ditu kiroldegiak, eta eskaintza osoa jarriko da martxan. Eskainiko diren zerbitzuen kudeaketa enkantera aterako du Udalak. “Lehiaketa bidez aukeratutako enpresa bat izango da zerbitzuak kudeatuko dituena, baina zuzendaritza Udalarena izango da”, azaldu du Arrunategik. “Zenbait enpresek erakutsi dute jada interesa”, gaineratu du.
Zerbitzuen kudeaketa enpresa baten esku egongo den arren, bertako langileak mantentzea da Udalak lortu nahi duena: bi harreran eta bi aktibitateak zuzentzen. “Orain artean egon diren langileak jarraitzea da gure asmoa; besteak beste, erabiltzaileek orain arte jaso duten eskaintza eta arreta berbera jasotzea baita gure nahia”.