XXI. Berdel Eguna
XXI. Berdel Eguna dela eta hainbat ekitaldi antolatu ditugu elkarlanean Mutrikuko Udalak eta Debegesak, Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteak. Azpimarratu nahi dugu, lehendabizi, orokorrean herriko jendearengandik jasotako babesa eta bereziki Balea Elkartea eta San Pedro kofradiatik handia eta zabala izan dela, eta aurrez eskertu nahi genuke.
Momentu honetan berdel kanpaina martxan dago eta, nahiz eta urtero kuota txikiagoak izan eta hainbat arazori aurre egin behar, kontuan izan behar da itsasoari loturiko sektorearentzat berebiziko garrantzia duela kanpaina honek.
Hau kontutan izanik, ezinbestekoa da Berdelaren promozioarekin jarraitzea arrain honen ezaugarri gastronomiko eta osasungarriak ezagutzera emanaz. Horrela ba, hau da aurtengo egitaraua eta kartela:
Martxoaren_23an Berdel Aipamena
Iñigo Lezertua gidoilariari emango zaio aurtengo Berdel Aipamena, Mutrikuri dion maitasuna argi geratzen baita “Eskamak Kentzen” telesailaren irudi ederretan.
Apirilaren_2an, larunbata:
goizetik hasita, Azoka txikia, herriko abesbatzaren kontzertua, 18:00etatik aurrera berdel pintxo dastaketa herrikoia, boluntarioen eta jatetxeetako sukaldarien eskutik. (Pikua, San Juan, Urgain, Zumalabe, Xabier Mendiguren eta Arantza Burgaña eta Elena Suarez. Etxe Kalte eta Ziñua elkarteak). Ondoren, 19:30ean THE USKI’S taldearen kontzertua eta 22:00etan II. berdel txapelketa zesta punta finalak.
Egitaraua zabala da, berdela dastatzeaz gainera, beste hainbat ekintza kultural ere antolatuta daudelako Mutrikuko herria ezagutzeko.
Aipatzekoa da, herriko boluntarioen parte hartzeari eta euren gain hartzen dituzten ardurei esker dela posible egun honen antolaketa. Hala ere, deialdia ere egin nahi diegu hurrengo belaunaldi gazteei. Mutrikun herri mailako jai honek irautea nahi badugu, nahitaezkoa ikusten dugu boluntarioen belaunaldi berrien erreleboa izatea.
Honenbestez, deialdi berezi bat egiten zaie Mutrikuko gazteei, datorren asteartean, Mutrikuko Turismo Bulegoan izena ematea, Berdel Eguneko antolaketan parte hartzeko.