Zabalik da Euskal Kostaldeko Geoparkean ikerketa proiektu bat garatzeko eskaera epea.
Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeak, Geoparkean ikerketa zientifikoa sustatzeko laguntza deialdia zabaldu du. Eskabideak 2024ko urtarrilaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira eta laguntza gehienez 3.500€koa izango da.
Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeak laguntzen deialdi irekia zabaldu du ikerketa zientifikoa bultzatzen jarraitzeko. Urtero eskaintzen du Geoparkeko natura- eta kultura-ondareari, eta, bereziki, ondare geologikoari buruzko ikerketa-lanak egiteko laguntza bat. Aurten, geologiaz gain, ekologia, naturagune babestuak, historiaurrea, kultura-ondare ukiezina eta itsas ondarea izango dira lehenetsiko diren gaiak.
Pertsona fisiko eta juridikoek eskatu ahalko dute laguntza eta eskatzaile bakoitzak gehienez ere bi ikerketa proiektu aurkeztu ahal izango ditu. Urtebeteko edo bi urteko iraupeneko proiektuak aurkeztu daitezke eta laguntza gehienez 3.500,00€koa (zergak barne) izango da.
Bestalde, eskabideak 2024ko urtarrilaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira. Horretarako, geoparkea.eus webgunean Zientzia eta Hezkuntza atalean aurkitzen dira oinarri arautzaileak eta deialdia, Ikerketa deritzon azpiatalean.
Aholkularitza Batzorde Zientifikoaren ordezkari batek, zuzendaritza zientifikoak eta Geoparkearen gerentziak baloratuko dituzte aurkeztutako eskaerak, eta Geogarapen elkarteko Zuzendaritza Batzordeari helaraziko dizkio onets ditzan.
Geoparkeak deialdi irekia zabaltzen duen hirugarren urtea da hau. 2022 eta 2023 urteetan zehar bi ikerketa aurrera eraman ziren “Diversidad faunística en los ríos del Geoparque: efecto del aislamiento fluvial” Aitor Larrañagak (UPV/EHU) eta “Konkrezioak Deba eta Mutrikuko Flysch Beltza Taldean: tipologia, eraketa-mekanismoak eta kontrolak” Luis Miguel Agirrezabalak (UPV/EHU).