Zabiel kultur etxean doako wi-fi zerbitzua martxan dago

2015/01/07
Wi-fi sare itxia izango da eta liburuzainak edukiko du sarbiderako pasahitza.

"Liburutegian ordenagailu batzuk badaude, eta jendeak interneterako sarbidea badu haien bidez, baina kultur etxean interneta leku gehiagotan eta erabilpen askoz gehiagotarako behar izaten da. Aurrerantzean, wi-fi zerbitzuari esker, zeuden hutsuneei aurre egiten hasiko gara". Horrenbestez iragarri Joxemari Etxaburu kultur zinegotziak Zabielen jarri berri duten zerbitzua.

Kultur etxe batek, gaur egun "derrigorrezkoa" duen zerbitzua dela nabarmendu du Etxaburuk. "Zabielen hitzaldiak, emanaldiak, tailerrak...ugari egiten dira, eta horiek garatzeko gero eta sarriago joten dugu denok ere sareko edukietara, edo sarean gordeta ditugun eduki propioetara", azaldu du Etxaburuk.  Aurrerantzean, Zabieleko erabiltzaile mota guztiek interneta eskura edukiko dute. Zerbitzua itxia izango da, ordea; pasahitza liburuzainari eskatu beharko zaio. "Pasahitza aldiro-aldiro aldatuko dugu, eta erabiltzaileei arduraz erabiltzea ere eskatzen diegu. Izan ere, momentuz, ez da posible guk nahiko genukeen abiadura kontratatzea, eta erabilera ez-egokiek gainontzeko erabiltzaileengan eragin dezakete", gaineratu du. "2016an zerbitzu hobeagoa emateko baldintza betetzen hasiko direlakoan gaude".

Interneterako sarrera beharra aspaldiko eskaera izatea nabarmendu du Etxaburuk. Zabiel etxean edozein aldaketa egiteak, ordea, berezko zenbait zailtasun ditu: besteak beste, eraikin historikoa denez, ezin daitezke obrak edo lanak beste eraikinetan bezala egin eta horma sendoak direnez, seinalearekin egon daitezkeen arazoak ekidin behar dira. "Zabielen zerbitzu horren beharra nabaria zen, ordea, eta gure erronka izan da hori gauzatzea".

LIBURUTEGIA ITXITA EGON ARREN

Liburutegi nagusia urtarrilaren 21era arte itxita dagoen, arren, Zabieleko gainontzeko gela guztiak (hitzaldi gela, erakusketa aretoa eta ganbarako aretoa) erabilgarri daude. Haur liburutegia ere gaurtik irekita dago.

Gela horiek erabili nahi dituztenek, ohi bezala, kultura, euskara edota kirol zerbitzuetara zuzendu beharko dute euren eskaera. "Eskaera egitean, interneterako sarbidea behar dutela jakinaraziz gero, zerbitzu horietako teknikariek emango diete pasahitza, inolako arazorik gabe".