Zapatuan ospatuko da Berdel Eguna

2013/04/02
Goizez herrigunean eta arratsaldez portuan berdel pintxoak izango dira protagonista; arratdsaldeko 14:00etatik aurrera ibilgailuak ezingo dira portura jaitsi eta markatutako parkinetara bideratuko dira.


Bi tona berdel erabiliko dira aurtengo Berdel Egunerako. Mota guztietako pintxoak egingo dira, eta goizez zein arratsaldez dastatu ahal izango dituzte bertaratzen direnek.

Eguna 10:00etatik aurrera hasiko da. Ordu horretan, Goiko plazan, merkatu txikiak irekiko ditu ateak eta eguerdira arte Bertan Elkartekoek jarritako postuak ikusi ahal izango dituzte herritar zein kanpotarrek. 

Eguerdia hurbildu ahala, berdelaren presentzia nabarmentzen hasiko da: alde batetik, herriko 14 tabernek berdel pintxoak eskainiko dituzte. “Taberna bakoitzari gutxi gorabehera 30 kilo berdel ematen dizkiegu, eta gero, haiek dira ze pintxo egingo duten erabakitzen dutenak”, azaldu du turismo teknikari Marta Amonarrizek. “Onena bertaratu eta zer egin duten probatzea da”. Pintxoak banatuko dituzten tabernak, herriaren goiko aldetik beherantz, honakoak dira: Txalaparta, Ametza, Aranzubi, Batzokia, Subeltz, Goitibera, Bodegoia, Bare Bare, Loretxu, Anaiarte, Miruaitz, Zubixa, Puerto eta Kofradia Zaharra. 

Beste alde batetik, tabernetan eskainiko diren pintxoez gain, eta iazko arrakasta ikusita, aurten ere, berdel errea eskainiko dute Beheko plazan; eta gune berri bat ere jarriko da Goiko plazan. Bertan, berdel kroketak dastatu ahal izango dira.

Eguerdia ez da bakarrik berdelarena izango, musikak ere bere tartea izango du: 12:00etan, trikitilarien kalejira egongo da, eta 13:00etan, Anaiarte, Kantuz Bizi eta Madalen abesbatzen kontzertua egongo da, Zabiel plazan.

 

JAIGUNEA, HERRITIK PORTURA

Arratsaldean jaigunea portuan egongo da, ohi bezala. Bertan euro baten truke hainbat eratara prestatutako berdel pintxoak eskuratu ahal izango dira. “Pintxo gehienak txarteltxo baten truke izango dira, baina berdel errea eta marmitakoa dastatzeko bi txarteltxo beharko dira”, aitatu du Amonarrizek. Marmitakoa Ziñua, Hogar del marinero eta Etxe-kalte elkarteek prestatutakoa izango da.

Portuko gunean lau jatetxetako sukaldariek prestatutako pintxoak ere egongo dira. Han izango dira, Ur-gain jatetxeko Berdel pantumaka; San Juan jatetxeko, Berdela zizza saltsan; Pikua jatetxeko, Berdela bexamelarekin eta Jarri-Toki jatetxeko Berdela arroza eta berdurekin. 


IBILGAILURIK EZ PORTUAN

Portuko jaigunera ibilgailurik ezin izango da jaitsi. Debekua 14:00etatik aurrera egongo da indarrean. ordu horretan Zumalabe itxiko dute udaltzainek eta ibilgailuak markatutako parkinetara bideratuko dira.

Aparkaleku funtzioa Antzomendi industrialdeak, Goiko Arba-Isabel Lobiano-Samikolla kaleek eta ikastola-kiroldegia zonaldeek beteko dute. Autobus pribatuek Mijoa industrialdea erabili ahal izango dute.

Aparkalekuak non dauden markatuta egongo dira. “Seinaleak jarraitu besterik ez dituzte egin beharko”, azpimarratu du Amonarrizek. “Eta aparkatzen duten lekutik jaigunera nola heldu ere adieraziko zaie”.

Hala ere, egun horretan zerbitzu publikoa erabiltzea gomendatzen du Udalak. Ordubetero Ermuatik-Ondarroa ibilbidea osatzen duen Euskotren zerbitzuko autobusak daude. Autobus horrek Ermua, Eibar, Alzola, Mendaro, Deba, Mutriku eta Ondarroa lotzen ditu.

Gauez, autobus zerbitzua hori bi orduan behin eskaintzen dute. “Autobus zerbitzuarekin lotuta, Saturraran hondartzako aparkalekua ere kontuan hartzeko da. Han ibilgailua utzi eta herrira datorren autobusa har dezake jendeak, ordubetero”.

EGITARAUA.