Zapatuan Santo Tomas feria ospatuko da herrian

2013/12/19
Herriko ekoizle, talde eta elkarteei eman zaire lehentasuna; abereak ere egongo dira.

Herriko ekoizle, elkarte eta taldeek hartuko dute parte Mutrikuko azokan. Azokak 10:00etan irekiko ditu ateak, eta 14:30era arte egongo da zabalik.

Goiko plazan egongo dira Sagarmina, Goienetxe, Aritza, Ibiri, eta Uxua Antia baserrietako produktuak (barazkiak, gazta, fruituak...), Ekoalboraz enpresaren elikagai ekologikoak, eta Ondareren mermelada. Zabiel Eskulan Taldeak, Institutuak, Tantaz Tantak, Gaztelekuk, Mandazketak, Kilometroak, Mutriku Zero Zaborrek, Errealzaleek eta Turismo Bulegoak ere postuak jarriko dituzte. Azoka osatu aldera, Mallabiko Mañeko eta Berriatuako Malax gozogileek ere lekua edukiko dute azokan.

Animaliak ere edukiko dute lekua Mutrikuko azokan: Eizarreko antzarak eta ahuntzak, Arnoko ardi, poni eta hesi gorriak, Etxerreko zezen, poni eta astoak eta Irabanetako betizuak.

Feriari lotutako jaiak, gauera arte izango du jarraipena. 13:00etan Trikitixa taldeak girotuko du herria kalez kale egingo duten jiran eta 15:00ak aldera Bertso bazkaria egongo da Txalaparta tabernan. Bertsolariak, Aitor Sarriegi eta Iñigo Manzisidor Mantxi izango dira.
Bazkalostean, berriz, Mutrikuko Bertso Eskolak antolatutako Okelar Bertsopaper Lehiaketako Sariak banatuko dituzte.

Eguna amaitzeko kontzertu bi egongo dira. Lehenengoa, Musika Eskolak antolatuta, parrokian, eta bigarrena MRKren eskutik gaztetxean. Parrokiko Gabon Kontzertua 20:30ean hasiko da, gaztetxeko MRK Gaua aldiz, 23:00etan.