Zapatuan Txistu Eguna izango da
Mutrikuko Txistu Taldeak zapaturako ekitaldi berezia antolatu du. «Udako kontzertua egin izan ohi dugun bezala ez dugu egingo aurten. Beste era batera egitea erabaki dugu. Orain arte, beti gauean izan ohi da emanaldia, eta aurten, iluntzean herritarren partehartzea sustatuko duen ekitaldia egitea pentsatu dugu», azaldu dute txistu taldetik.
19:00etan kalejiran irtengo dute txistulariek, eta 19:30ean, Beheko Plazan dantza herrikoiak egiteko batuko dira. Denetarik dantzatzeko aukera egongo da; fandagoak, arin-arinak, zortzikoak, zazpi jausiak… Txistu taldeak herri dantza piloa egitera gonbidatu nahi ditu mutrikuar guztiak. «Ez dago zertan dantza taldekoa izan», gaineratu dute.
Handik, berriro, kalejiran, Goiko Plazarantz joango dira, alde zaharreko txoko guztietan txistu eta danbolin hotsak zabalduaz. 20:30ak inguruan, kantu herrikoiak abesteko tartea izango da. Herritarren artean kantu paperak banatuko dira, eta nahi duen guztia txistu taldearekin abestera gonbidatu dute txistulariek.
ITURRIA: Mutrikuko Hitza