Ziriako Andonegi mikroipuin lehiaketak baditu irabazleak

2020/06/01
Otsailean martxan jarri zen lehiaketako irabazleak aukeratu ditu epaimahaiak.

Hauek dira sarituen izenak eta lanak:

  • Helduen mailako irabazlea:

Iñigo Legorburu Arregi

BEGIRADAK

Itxi begiak, sentituz ikusteko esan diozu gerritik heldu eta itsumustuan, logelara zuzentzen duzun bitartean.Langile harretatsuak, begi-kliska luzatu dizu, zure bikotearen irribarrea ikusita. Berriki ezkonduak, bere bizitzako bidaia agindu zenion eta kunplitu duzu. Inoiz ezagutu gabeko erosotasunez atondutako logela agindu zenionez, bete duzu. Eta hainbeste urtez hainbeste jende zerbitzatu ostean, zerbitzatuak zuek izango zinetenaren promesa ere, zure egin duzu.

Soa ilusioz zipriztindu zaio zuk voilá! esan eta bion ohea izango dena erakustean. Bihar beste begirada bat izango du agian, bion azal beltzaranaren kolorekoa.

Irungo mugako harrera-sarekoak soilik bihar arte geratu zintezkete xuxurlatu dizu motxila hartzen dizuelarik.

Bihar, ikusiko dugu.

  • Gazteen mailako irabalea:

Maider Eizagirre Maneiro

JOSTAILUAK

Kattalin eta Maddik arratsaldero elkarrekin jolasten dute herriko parkean. Maddik betidanik izan ohi ditu jostailu polit eta berrienak, eta Kattalinek beti berarekin jolastu nahi duenaren arrazoia dela uste dute askok. Baina, jendeak ez daki Maddik parkeko ilerik leun eta ederrena duela.

Uda igaro eta ikastolako lehenengo arratsaldean, Maddik ez du Kattalin parkean ikusten. Aitari zin egin dio Kattalin ikusi arte ez dela etxera itzuliko, uda osoa egon baita Kattalin noiz ikusiko zain. Halako batean, Maddik Kattalin ikusi du hainbat haurren artean. Amari helduta doa, oso ahul dago eta Maddiren harridurarako, oraingoan ez du bere ile beltz eta kizkur hori.

  • Mutrikuar onena:

Naiara Elezgaray Irureta

NIRI BEGIRA

Aurrera begiratu eta adin nagusiko emakume bat ikusi dut, kristalaren beste aldean. Niri begira dago. Bere aurpegia ezaguna egiten zait, aspalditik ezagutuko banuke bezala. 

- Kaixo!- Esan diot. - Ikusten al nauzu? Nik zu bai. 

Berak ahoa mugitu du baina, ez dut ezer entzun. Nor ote da emakume hori? Zer egiten du nire etxean? Egia esan, ez dakit. Haur bat entzun dut garraxika egongelan. Hara joan naiz. Ume txiki bat da, bost bat urte ingurukoa, eta bere etxean egongo balitz bezala dabil jolasean. 

- Nor zara?- Galdetu diot harrituta.

- Xabier, amona.- Esan dit irribarre batekin. 

- Amona?