EUSKAL KOSTALDEKO UNESCO GEOPARKEA
Euskal Kostaldeko Geoparkea, Euskal Herrian zein Kantaurialdean lehendabizikoa, Mutriku, Deba eta Zumaia biltzen ditu eta 2010ean eratu zen.
Ordutik, Euskal Kostaldeko Geoparkean baliabide naturalak balioan jartzeko helburuarekin dihardute lanean, bereziki eremu geologikoa jorratuz, baina baita gure lurraldearen kultura propioa garatuz ere; hain zuzen ere, geure ondarea babestu nahi dugu belaunaldi berriei igortzeko.
Munduko Geoparkeen Sarea eta bere barnean Europako Geoparkeen Sarea lan egiteko modu jakin bat elkarbanatzen duten lurraldeek osatzen duten elkartea da. Lurraldeon helburua beren ondare eta inguruko balioak babestu eta sustatzea da; ondare geologikoa, batez ere.
Europako Geoparkeen Sarearen Gutuna
Europako Geoparkeen Sarearen Gutunak sarearen xede nagusiak biltzen ditu eta 2000. urtean onartu zuten, Lesbosen, Sarea sortu zuten lau herrialdeek. Europako geoparke bihurtu nahi duen lurralde orok karta hau onartu beharra dauka:
- Europako geoparkeek mugak ondo zehaztuta izan behar dituzte, eta benetako garapen ekonomikoa emateko moduko zabalera izan behar dute. Aipatutako lurraldeek interes geologikoko puntu garrantzitsuak eduki behar dituzte, kalitate zientifikoaren, bitxikeriaren eta balio estetikoaren edo hezitzailearen arabera kontrastatuak. Gainera, interes arkeologiko, ekologiko, historiko edo kulturaleko bestelako lekuak izan beharko dituzte.
- Europako geoparkeek sare bat osatzen dute. Objektu geologikoak ezin dira inolaz ere hondatu, ez eta saldu ere. Europako geoparke bakoitza ondo definitutako egitura batek kudeatu behar du; lurralde horretan babesa, hobekuntzak eta garapen iraunkorrerako politikak betearazteko gai den egitura batek, hain zuzen.
- Europako geoparkeek funtzio aktiboa betetzen dute beren lurraldeko garapen ekonomikoan; izan ere, ondare geologikoarekin eta turismo arduratsuaren garapenarekin lotutako irudi orokorra indartzen dute. Europako geoparkeek beren lurraldean inpaktu zuzena dute, herritarren bizi-baldintzetan eta ingurumenean eragiten baitute. Gainera, biztanleek lurralde osoaren suspertzean aktiboki parte hartzea sustatu behar dute.
- Europako geoparkeek ondare geologikoa babesteko metodoak garatzen, esperimentatzen eta hobetzen dituzte.
- Europako geoparkeek ingurumen-heziketa, Lurraren Zientzien askotariko diziplinetan ikerketa zientifikoak garatzea, ingurune naturala hobetzea eta garapen iraunkorrerako politikak babesten dituzte.
- Europako geoparkeek sarearen eraikitze eta kohesioan laguntzeko lan egin behar dute. Tokian tokiko enpresekin batera lan egiten dute, ondare geologikoarekin lotutako produktu berriak sortzea sustatzeko eta laguntzeko, Europako Geoparkeen Sareko beste kideen lanaren osagarri izateko helburuarekin.
Proiektuak eta ekimenak
Urte osoan zehar, Geoparkeak ondare geologiko eta naturalaren kontserbazioan lan egiten du (ekosistemen lehengoratzeak, interesgune geologikoak egokitzen eta egonkortzen, etab…) eta dibulgazio-jarduera ugari ere antolatzen ditu. Geoparkearen ondare naturala eta kulturala ezagutarazteko eta biztanleen parte-hartzea sustatzeko asmoz, besteak beste, Europako Geoparkeen Astea, Karstaren jaialdia, Gnat Zinema erakustaldia, hondartzak garbitzeko eta plastikoen laginak biltzeko jarduerak eta abar bultzatzen ditu. Hauez, gain, paleontologia, biodibertsitate, geologia eta hainbat gaien inguruko bilerak, ekitaldiak, erakusketak eta kongresuak antolatzen ditu Euskal Kostaldeko Geoparkeak.
Ekoturismoa sustatzen
Ekoturismoa, naturguneak modu arduratsuan ezagutzea helburu duen bidaiatzeko modu bat da, beti, ingurumen inpaktuak txikiagotuz. Natura zaintzeko konpromezua duten enpresek eskaintzen dituzten esperientzien bitartez disfrutatu daiteke ekoturismoaz.
Euskal Kostaldeko Geoparkea Espainiako Ekoturismo Elkarteko kide da eta Basquetour-ekin sinatutako hitzarmen bati esker, Geoparkearen parte diren 22 entitate laguntzaileak turismo elkarteko kideak izango dira. Gaur egun dozenaka helmuga eta ehunka enpresa biltzen ditu elkarteak eta SoyEcoturista markarekin garapen jasangarriarekiko konpromisoa hartzen dute.