HONDARTZAK

Ondarbeltz hondartza

Izenak berak argi erakusten duenez, harea xehea eta iluna duen Mutrikuko hondartza da Ondarbeltz.

Mutrikuko herriarena den arren, Debako erdigunetik gertuago dago, udalerri horri izena ematen dion ibaiaren bokalearen ezkerraldean, alegia.

120 metroko luzera du eta, zerbitzuei dagokienez, dutxak eta komun publikoak ditu. Horrez gain, taberna, haurrentzako jolastokia, frontoia eta aparkatzeko tokia daude inguruan.

Eguzkiaz gozatzeko eta bainu freskagarria hartzeko aukera ez ezik, hainbat kirol-jarduera egiteko parada ere badago Ondarbeltzen, windsurfa eta piraguismoa, esaterako.

 

Alkolea hondartza

Surflariak eta urpeko arrantza gustuko dutenak joaten dira batik bat Alkolea hondartzara. Oso txoko lasaia da, eta Alkolea lurmuturraren eta Arbeko zelaigunearen artean dago. Handik Gipuzkoako kostaldearen bista ederrez gozatuko dugu.

 

Portuko hondartza

Izenak berak argi erakusten duenez, portuaren ondoan dago hondartza txiki eta atsegin hau, kostaldeko herri horretako hirigunetik oso gertu.

Urre koloreko harea lodia eta 180 metroko luzera du, eta olatuek gogor astintzen dute. Uretako hainbat kirol egiteko aukera ere eskaintzen du, hala nola piraguismoa, windsurfa, urpekaritza eta snorkela.

Zerbitzuei dagokienez, bi igerileku natural (horietako bat, joko olinpikoetan erabiltzen diren igerilekuen tamainakoa), tabernak, jatetxeak, dutxak, komun publikoak eta aldagelak daude inguruetan.

Saturraran hondartza

Gipuzkoako kostaldearen mendebaldeko muturrean dago Saturraran hondartza, Bizkaiarekin muga egiten duen ingurune ederrean.

Olatuak indarrez iristen dira bertara. Bi haitzen forma bitxia nabarmentzen da inguru horretan. 300 metro ditu, eta urre koloreko harea.

Ondoan, autoak uzteko toki zabala eta bazkariak eskaintzen dituen taberna daude. Inguruetan, gainera, kanpina eta nudistentzako gunea daude. Kirola gustuko dutenek aukera paregabea dute uretako zenbait kirol egiteko, piraguismoa eta windsurfa, esaterako.

Horrez gain, pasieran ibiltzeko toki paregabea da, itsasertzetik zein Mutrikuko hondartza eta Ondarroako hondartza lotzen dituen bidean zehar.

Testua eta irudiak: Euskadi Turismo. Utzitakoa.