MUTRIKU, HERRI BIZIGARRI
Testuingurua
Zer da klima-aldaketa?
Nazio Batuen Elkarteko Klima Aldaketaren Gobernu Arteko Taldeak (IPCC) adierazi duenez, klima-aldaketa da munduko herrialde guztiek aurre egin behar dioten ingurumen-erronkarik premiazkoenetako bat. XX. mendearen erdialdetik, atmosferaren berotze globala gizakiaren jarduerak eragin du.
XIX mende bukaeratik 2021 urtera munduko tenperatura 1,2 ºC igo da gutxi gorabehera, eta joera hori hala jarraitzea espero da (azken 10 urteak erregistroak daudenetik beroenak izan dira. 2023 urtean, gainera, Lurraren azaleraren batez besteko tenperatura tenperaturen erregistroen mantentzea 1880an hasi zenetik erregistratutako beroena izan zen). Giza jarduerek gure planetan duten eraginaren sintoma da hori, batez ere, berotegi-efektuko gasen isurketena.
Klima-aldaketaren arazoa zuzeneko ondorioak eragiten ari da nekazaritzan, basogintzan, energia-ekoizpenean, turismoan eta, oro har, gizakion azpiegituretan.
Zer nolako eraginak sortzen ditu klima-aldaketak?
Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, Euskadi mailan gradu bat igo da tenperatura erregistroek urteko tenperaturaren batez bestekoak jasotzen dituztenetik. Mundu mailako erabakitze-organoetan nahiz Eusko Autonomia Erkidego mailan helburua da aurrerantzean tenperatura 1,5 graduren azpitik mantentzea.
Itsas mailaren igoerari dagokionez, euskal kostaldean itsas mailak 20 zentimetro egin du gora, eta IPCC (Klima Aldaketari buruzko Gobernu Arteko Taldea) osatzen duten adituen azken txostenaren arabera, itsas mailaren igoera 3,3 eta 3,5 milimetro ingurukoa izango da urtean. Era berean, klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Adituen Taldeak (IPCC) ohartarazi du 2ºC baino gehiagoko tenperaturaren hazkundeak mundu-mailan ondorio negatiboak sortuko dituela, hala nola; lehorteak, aire kutsadura, elikagaien eta uraren eskasia, bioaniztasunaren galera, ekonomia gelditzea eta lekualdatutako pertsonak (“klimaren errefuxiatuak”) eta gatazka larriak gehitzea (uraren eskasiari lotuta, adibidez).
Klima-aldaketak eragindako inpaktuei dagokionez, hurrengo urteetan, besteak beste, jarraian zerrendatzen diren inpaktuak jasango ditugula aurreikusten dute adituek:
- Bero-boladen hazkundea eta inpaktu horri lotutako osasun-arazoak.
- Estres hidrikoa handitzea (hau da, ur-eskaria denbora-tarte jakin batean erabilgarri dagoen kantitatea baino handiagoa denean edo kalitate txikiko ura izateak erabilera murrizten duenean) eta inpaktu horrekin zerikusia duten lehorteak ugaritzea (lehen sektoreari lotutako galera ekonomikoak, sute-arriskuaren handitzea, eta abar).
- Lurzoruaren aldaketak (lurren emankortasuna gutxitzea, lur jausiak handitzea eta horren eraginak azpiegituretan).
- Uholdeen maiztasuna handitzea (inpaktuak hirietako etxebizitzetan eta bestelako azpiegituretan, ...)
Egoera honen aurrean, mundu mailan adostutako helburua da 2050. urterako klima-neutraltasuna lortzea; hau da, urte horretarako klima aldaketaren eragile nagusiak diren berotegi efektuko gasen (ur lurruna -H2O-, karbono dioxidoa -CO2-, metanoa -CH4-, oxido nitrosoa -N2O- eta ozonoa -O3-) emisioak Planetaren xurgapen naturalaren bidez ezabatzen direnen berdinak (edo txikiagoak) izatea. Hau da, klimaren aldeko ekintzaren bidez gure emisioak murriztea.
Hori dela eta, eragile ezberdinak klima babestearen aldeko ekimen eta neurri ezberdinak ezartzen ari dira. Horien artean aipa daitezke gobernuz kanpoko erakundeak eta ingurumena babesteko elkarteak (kontzientziazio-kanpainen antolaketa, klima-aldaketa arintzeko edo klima-aldaketara egokitzeko proiektuak garatzea -zuhaitz landaketak, urmaelen sorrera, …-, gobernuei zuzendutako proposamenen lanketa, ikerketa-lanak, eta abar.), enpresen sektorea (eraikinen diseinutik bertatik klima-aldaketara egokitzeko neurriak ezartzea, enpresaren karbono-aztarna kalkulatzea eta hori gutxitzeko helburuak nahiz neurriak barneratzen dituen planak martxan jartzea, etab.) eta Administrazio Publikoa.
Sektore publikoari dagokionez, aipatzekoak dira estatuen arteko mundu mailako hitzarmenak, estatu mailan edo beste Administrazio Publikoko maila ezberdinetan (erkidegoak, eskualdeak, probintziak, herriak eta hiriak) onartutako estrategiak eta ekintza-planak, legedia (adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 Legea eta Trantsizio Energetikoaren eta Klima-aldaketaren 1/2024 Legea) eta bestelako instrumentuak (lurraldeko erresilientzia handitzera zuzendutako proiektuak, enpresei zuzendutako diru-laguntzak, udal mailako energia eta klimari buruzko tokiko planak diseinatzeko gida, fiskalitate berdea -pizgarri fiskalak, eta abar-).
Klima-aldaketa arintzea eta klima-aldaketara egokitzea
Klima-aldaketa arintzea: berotze globala eragiten duten gasen (Berotegi Efektuko Gasak) kantitatea gutxitzera bideratutako ekintzek osatzen dute eta batez ere ondorengo arloekin zerikusia duten: energiaren aurrezpena eta energiaren kudeaketa, hondakinen sorreraren prebentzioa eta sortutako hondakinen kudeaketa egokia, mugikortasun jasangarria, Berotegi Efektuko Gasak xurgatzen dituzten karbono-hustubideen sorrera (zuhaitz espezie egokien landaketa, etab.).
Klima-aldaketara egokitzea: inpaktua jasan dezaketen elementuak (biztanleria, bizitegi- eta industria-lurzorua, natura ingurunea, jarduera ekonomikoak…) neurri ezberdinen bidez egokitzea, klima-aldaketak eragindako inpaktu negatiboen ondorioak murrizteko.
Zer egingo du Mutrikuko Udalak?
Tokiko herri-administrazioa, herritarrengandik gertuen dagoen erakunde publikoak izanik, funtsezko eragileak dira klima-aldaketaren aurrean. Izan ere, euren jardunaren bidez klima-aldaketa eragiten duten BEGen isurpenak murrizteko jarduerak abiarazi ditzakete eta bere ondorioetara egokitzeko neurriak ezartzeko ahalmena dute hiri-plangintzaren eta natur ingurunearen kudeaketa aktibo baten bidez. Aldi berean, udalak eragile sozioekonomikoak (enpresak, hezkuntza-zentroak, elkarteak, eta abar) klimaren aldeko ekintzak aurrera eramatea mugiarazi ditzake (sentsibilizatuz, proiektu zehatzak elkarlanean burutuz…).
Honenbestez, 2024ko apirilean Mutrikuko Udalak Energia eta Klima-aldaketaren Tokiko Planaren zerbitzua kontratatu zuen, 2030 urterako ikuspegia izango duen ekintza-plana idazteko. Aipatu ekintza-planaren bidez, besteak beste, honako helburuak lortu nahi dira:
- Klima-aldaketara egokitzearen arloko tokiko ekintza egituratzea.
- Euskal Autonomia Erkidegoko jasangarritasun energetikoari buruzko 4/2019 Legearen eskakizunak betetzea (energiaren udal-kontsumoen kontrola eta kudeaketa eraginkorra, udal instalazioetan nahiz ekipamenduetan energia aurreztea eta eraginkorki erabiltzea, kontsumitzen den energia gertuko iturri berriztagarrietatik eratortzea, etab.).
- EAEko Trantsizio Energetikoaren eta Klima-aldaketari buruzko 1/2024 Legea betetzeko beharrezkoak diren ekintzak jasotzea.
- Klima-aldaketaren erronkan udal eta herriko eragile ezberdinak elkarlanean aritzea.
Erronka horien aurrean, Udalak herriko eragile eta sektore ezberdinekin elkarlanean jardun nahi du. Helburu horrekin, 2024 urtean zehar honakoak gauzatuko ditu:
- Abiapuntuko egoera deskribatzen duen Mutrikuko energia eta klimaren diagnostikoa idaztea.
- Sektore ezberdinetako eragileekin elkarrizketa-saioak antolatzea (aurrez aurrekoak zein telematikoak).
- Herritarrak sentsibilizatzeko baliabide ezberdinak sortzea eta horiek zabaltzea.
- Herritar orori zuzendutako online inkestak eta sektore zehatzei zuzendutako online inkestak.
- 2030 urterako ikuspegia duen ekintza-plana onartzea.
Zer egin dezakete herritarrek, enpresek eta bestelako eragileek?
Debabarreneko Garapen Agentziak (Debegesa), besteak beste, eskualdeko ENERGIA-BULEGO BIRTUALA sortu zuen. Bertan honako alderdiei buruzko informazioa eta aholkularitza jaso dezakete herritarrek zein bestelako eragileek:
- Faktura elektrikoa optimizatzeko aholkularitza zerbitzua: energia-fakturaren azterketa, aurrezki-proposamena eta kontsumo-ohiturak, erreklamazioak egitea.
- Etxeko eraginkortasun energetikoa: berokuntza, etxetresna elektrikoak, inguratzaile termikoa eta argiztapenari lotutako kontsultak argitzea.
- Energia berriztagarrien instalazioa: panel fotovoltaikoak, panel termikoak, geotermia, aerotermia, biomasa.
- Birgaitze iraunkorra: halako obren inguruko informazio praktikoa (teilatuen birgaitzea, igogailua instalatzea edo aldatzea, berogailuaren instalazioa, kanpoko arotzera berritzea eta abar) eta kontsultak egiteko zerbitzua.
- Gai ezberdinei lotutako eskuliburuak
Era berean, Eusko Jaurlaritzak, Ihobe Sozietate Publikoaren bidez, tresna ezberdinak garatu ditu eragile-motaren arabera sailkatuta:
- Klima-aldaketa arintzeko herritarrei begirako tresnak:
Jakin ezazu berotegi-efektuko zenbat gas emititzen duzun: CO2-aren kalkulagailu baliokidea
Zer egin dezakegu herritarrok? https://www.ihobe.eus/52-keinu-aldaketa-klimatikoaren-aurka
- Klima-aldaketa arintzeko erakundeei zuzendutako tresnak:
Karbono-aztarna kalkulatzea: https://www.ihobe.eus/publicaciones/huella-carbono-en-organizaciones-herramienta-calculo-ano-calculo-2020
- Klima-aldaketa egokitzeko erakundeei begirako tresnak:
Erakundeentzako Klima-aldaketara egokitzeko planak egiteko gidaliburua
Aurrekoaz gain, Naturklimak Gipuzkoako borondatezko karbono-funtsa eratu du, berotegi efektuko gasen igorpenak murrizteko eta konpentsatzeko tresna bat dena: https://www.naturklima.eus/gipuzkoako-borondatezko-karbono-funtsa.htm
Baliabideen eta dokumentu interesgarri osagarrien inguruko Informazioa hemen:
Greenpeace: "Horrela eragiten digu klima-aldaketak"
Nazio Batuen Elkartea: "Neutralidad climática ahora" baliabide-sorta
Gipuzkoako Foru Aldundia: Klima-aldaketari buruzko atala eta Energia Argitu (herritarrek eta enpresa txikiek energia aurrezteko programa)
Naturklima: https://www.naturklima.eus/hasiera.htm (klima-aldaketari eta ekonomia zirkularrari buruzko dokumentuak eta txostenak, enpresa txiki eta ertainei eta merkataritza-establezimenduei zuzendutako tresnak, etab.).
Ihobe: Oinarrizko kontzeptuak eta baliabideak