Geoparkea
Euskal Kostaldeko Geoparkea MUTRIKU, DEBA eta ZUMAIAko udalerriek osatzen dute eta Kantauri itsasoaren eta euskal mendien artean dago kokatua. 2010az geroztik, Europako eta Munduko Geoparkeen Sareko kide da, UNESCOk babestua.
Geologia da paisaia honetako egiazko protagonista, Lurraren historiako pasarte zirraragarrienak gordetzen baititu. Geoparkeko 13 kilometroko itsaslabarrek haitz-geruzek osatutako formazio ikusgarria gordetzen dute, Flysch izenekoa. Entziklopedia baten antzera, Lurraren historiaren 60 milioi urte baino gehiago irakur daitezke bertan. Mutrikuko Flysch beltzean konkretuki, orain dela 110 miloi urteko itsas labarretan, erreferentziazko fosil bilduma aurkitu da eta egun Nautilus, Mutrikuko Ikasgune Geolgikoan dago ikusgai.
Kostaldetik barrualdera joanda, Karstaren mundua aurkituko dugu. Denbora hemen betirako gelditu dela dirudi. Bertan, Europako herri zaharrenetakoaren kultura eta ohiturak ezagutu ahal izango ditugu. Han-hemenka dauden kobazuloetako asko gure arbasorik urrunenen bizileku izan ziren, horien artean, Ekaingo kobazuloa, Gizateriaren Ondare izendatua.
Karsteko bailara zoragarria da Olatzeko bailara. Bertan geoparkeko bihotzeraino sartu eta gune ikusgarri honetaz gozatzeko aukera izango dugu.
- Geoparkeko planoa deskargatu (PDF)
- Mutriku eta inguruko plano eta gida gehiago
Zer da Geoparke bat?
Geoparkeak garapen jasangarrirako estrategien aldeko apustua egiten duten lurraldeak dira, euren balio natural eta kulturaletan oinarriturik. Euskal Kostaldeko Geoparkea, Euskal Herrian zein Kantaurialdean lehendabizikoa, asmo hauek Zumaia, Deba eta Mutrikuko herrietan praktikan jartzeko izpirituarekin eratu da.
Euskal Kostaldeko Geoparkean baliabide naturalak balioan jartzeko helburuarekin egiten dugu lan, bereziki eremu geologikoa, baina baita gure lurraldearen kultura propioa ere. Geure ondarea babestu nahi dugu belaunaldi berriei igortzeko.
Nork kudeatzen du Geoparkea?
Euskal kostaldeko Geoparkea Geogarapen Elkarteak kudeatzen du.
943 19 28 29 / geogarapen@geogarapen.com
Bisita Gidatu eskaintza zabala
Euskal Kostaldeko GEoparkeak bisita gidatu eskaintza zabala du, bai kostaldea baita barrukaldeko guneak ezagutzera emateko. Bisitak itsasontziz zein oinez izan daiteke eta gaur egun, ezinbesteko aktibitatea da bisita hauetan parte hartzea Geoparkea benetan ezagutu nahi duenarentzat.
Bisita gidatuetarako: www.geoparkea.eus