Hirigune historikoa

Mutrikuko Alde Zahar Historikoa, monumentu multzo izendatuta dago 1995 urteaz geroztik. Bere kaletarte estuetan galtzea bere historiaren zati handi bat ezagutzea da.

XIII. mende hasieran fundatutako herria da Mutriku eta oraindik ere kaleen zatikatze gotikoa gordetzen du. Kaleen trazatua leku aldapatsuetako erdi aroko herrietan ohizkoa da.

1484 eta 1553 urteetan suteek herria kiskali bazuten ere, harriztatutako kale estu eta aldapatsuetan barneratzen bagara, XV, XVI, XVII eta XVIII mendeetako hainbat etxe eta jauregi ikusiko ditugu, interes handikoak guztiak eta gehienak monumentu historiko-artistiko izendatuak.

Herria inguratzen zuen harresi zaharraren zati txiki bat baino ez da geratzen, portuaren gainean mailakatuta. Herria harresietatik kanpo zabaltzen zihoan heinean desagertu zen harresia, XVIII. mendeko pentsakera ilustratuan oinarrituriko kontzeptu urbanistiko berriak zirela medio. Horren adibide ezin hobea da Txurruka plaza, bertan, parrokia eta udaletxea aurkitzen ditugula.

Andre Mariaren zeruratzearen eliza

Monumentu nazional izendatua, Gipuzkoako arkitektura neoklasikoaren eredurik hoberenetarikoa dugu. Silvestre Pérez arkitektuak proiektatua, 1803 urtean hasi zen eraikitzen tenplu klasiko baten itxura duen eraikin hau. Barruan Francisco Zurbaranen mihise bat ikus daiteke.

Galdona jauregia

XVII. mendeko eraikuntza barroko ikusgarria da, burdin forjatuzko balkoiak, apaindutako egurrezko teilatu hegal eta leihoak, eta lehenengo solairuaren kantoian armarri dotorea dituena ezaugarri.

Arrietakua jauregia

Antonio de Gaztañeta Teniente Jeneralak eraikiarazi zuen, XVIII. mende hasieran. Aipagarria, Gaztañetaren itsasgizon, untzi-arkitekto eta armagizon izaerei erreferentzia egiten dien armarri erdibitua. Cosme Damián Churruca ere etxe honetan bizi izan zen, zeina ilustrazioko itsasgizonen adierazgarri ezin hobea den.

Egun etxea XVIII. Mendean bezalaxe kontserbatzen da, bai kanpotik bai barrutik, honek garai hartako familiak eta gizartea nola bizi zen adierazten digularik eta itsas gizon hauen bizitza eta abenturak kontatzen dizkigun liburu bizia bilakatu da.

Bisita gidatuei buruzko informazioa

Zabiel jauregia

Monumentu historiko-artistikoa

Barroko garaiko jauregi dotore hau Granada izenez ere ezagutzen da Granada de Egako Kondeen maiorazkokoa izan zelako.

Apaindutako fatxadan bigarren pisurainoko zutabeek inguratzen dute ate nagusia eta erdiko balkoian Zabieldarren armarria jasotzen du. Alboetako fatxadek aurrez zegoen eraikuntza baten elementu interesgarriak gorde dituzte.

Olazaharra Mizkia jauregia

Monumentu historiko-artistikoa

Lukas Olazarra Mizkia kapitainak agindu zuen jauregia eraikitzea, XVII.mende bukaeran. Harlanduzko fatxadadun eraikin bikain honetan, burdin forjatuzko balkoi handiak eta sarrerako atearen gainean dagoen Olazarratarren armarria dira aipagarriak.

Luardo dorrea

Beharbada Ertaroko dorretxe hauxe da testu zaharretan aipatzen den Barrenkaleko dorrea.

Gotikoko ezaugarriduna, elementu arkitektoniko bikainenak ondokoak ditu: leiho bikiak, puntu erdiko arkudun bi ate, arku zorrotza duen ate bat eta ezkerreko fatxadako eskailera

Montalivet jauregia

Monumentu historiko-artistikoa

Juan Jose Iturribalzaga Sanchez-Revata Montalivet Forjado, Oñako Baroiak, jauregi hau eraikitzea agindu zuen XVIII. mende bukaeran.

Jauregia Francisco de Iberok diseinatu zuen, Barroko gipuzkoarreko arkitekto adierazgarrienak.

Berriatua dorrea

1543an hiria suntsitu zuen suteari erreferentzia eginez “Sulaingoa” izenez ere ezagutzen den eraikin hau txikiziotik onik atera ziren eraikuntzetako bat da.

Gipuzkoan gaur egunera arte gorde diren dorretxeetatik handiena da.

Mutrikuko kaiaren gainean egoki kokatuta, garai batean hiriko portuaren zaintza lanak bertatik egiten ziren.

Santa Katalina komendua

Juan Otxoa Berriatuak, 1572 urtean lehenengo komentua sortu zuen Aritzeta dorretxean, 1683 urtean, Trentoko kontzilioak zehaztutako neurriak betez, komentua Berriatua dorretxera eraman eta, urteak beranduago, gaur egun dagoen tokira aldatu zen.

Barrualdean, elizako erretaula nagusia nabarmentzen da. Bertan Flandeseko eskolako Van Dick-ek eta REchores-ek egindako bi koadro handi daude, Santa Katalinaren nekaldia eta Kristoren gurutziltzatzea irudikatzen dutenak.

Lonja zaharra

Hiriko eraikin adierazgarrienetakoa dugu. Eraldatzeak izan dituen arren, oraindik ere XV. Mendean kokatutako eraikin honek hasierako estilo gotiko-errenazentistari eusten dio.

Harri-hormaz eta harlanduz eraikia, fatxada nagusian puntu erdiko arku zabaleko arkupe handia dago.


Moilako dorretxea

Arrantzaleen etxe hau XVI. Mendeko dorretxe hiritarra dugu.

Errenazimentuko eraikuntza honetan aipatzekoa da lehenengo solairurainoko harri-horma, puntu erdiko leiho bikiak eta puntu erdiko arkudun ate-leihoa duena.

Goiko pisuetan egurrezko balkoi korrituak ditugu.