Hondartzak

Mutrikuko hondartzei buruzko xehetasunak

Mutrikuko kostaldea malkartsua da  eta gune ezberdinetan banatzen dira bainurako guneak.

Mutrikuko hondartza

Kaiaren ondoan dago kokatuta eta hondar fineko hondartza txikia da. Bi igerileku natural ditu alboan, Gipuzkoako kostaldean dauden bakarrak.

Ekintzak: Igeriketa, windsurf, piraguismoa, bodyboard, boleibola, urpekaritza eta kirol arrantza

Zerbitzuak: Aparkalekua/ dutxak/ sorosle zerbitzua (udan)/ iturria/ taberna (udan)/ Igerileku naturalak/ Zakarrontziak (udan)/ haur parkea (udan)/ megafonia (udan)

Hirugarren hondartza

Mutrikuko hondartzatik gertu dago, Burumendi izeneko gunearen  ondoan.  Mutrikuko Flysch Beltzak osatzen duen  Zazpi Hondartzetako gunera sartzeko bideetariko bat da. Izaera arrokatsua du eta hondar are lodia. Zerbitzurik gabeko hondartza txiki hau lasaitasuna gustuko duen jendearentzako oso egokia da.

Ekintzak: arrantza,  urpekaritza, snorkel-a

Zerbitzuak: dutxak/ aparkalekua/ taberna (udan)

Saturraran:

Mutrikuko mendebaldean dagoen hondartza hau, Gipuzkoako kostaldeko basatienetariko bat da. Euskal Kostaldeko Geoparkean zaharren den flysch-a aurkitzen dugu bertan, eta Mutrikuko Zazpi Hondartzak izeneko gunerako sarreretariko bat da.

Hain ezaguna den Saturrarango haitz ederraren atzean, hainbat hondartza txiki egiten dira batez ere itsas-beherarekin eta gune hauek nudismoa egin nahi dutenentzako ezin egokiagoak dira. Lurmuturraren hasieran, Saturraran Zahar baserria dago, XVIII. mendeko oinetxea, Gipuzkoako itsas baserri bakarra.

Saturraranek historia luzea du, egun nabari ez bada ere. Bertan, XIX. mendean bainuetxe eta hotel famatua kokatzen ziren. Guda zibilarekin ordea, eraikuntza horiek kuartel bezala erabili ziren eta ondoren emakumezkoen espetxe bezala, 1937tik 1944arte. Milaka emakume pasa ziren bertatik, gure historiaren garai ilun eta gogor  bat izan zelarik. Kartzelaren ondoren, apaiztegi izan zen 80. hamarkada arte. Egun ez da eraikuntzaren arrastorik geratzen, baina Nestor Basterretxearen eskultura bat dago kartzela zegoen tokian bertan hildako eta sufritutako emakume guztien oroimenez.

Haitzen sorrerari loturiko kondaira bat ere badu. Kondairak dioenez, ba omen ziren Satur eta Aran izeneko bi gazte. Txikitatik ezagutzen zuten elkar, eta maitemindu egin ziren. Satur arrantzara ateratzen zen egunero-egunero, eta Aran hondartzan gelditzen zen haren zain, bueltatu arte. Baina, egun batean, galerna sartu eta Satur ez zen itzuli. Esperantza guztiak galduta, Aranek itsasoari bera ere eraman zezan eskatu zion. Gau hartan hondartzako haitzak agertu ziren: Satur eta Aran omen dira.

Ekintzak: Windsurf-a, piraguismoa, bodyboard-a, nudismoa, lurreko kirol arrantza, urpeko kirol arrantza eta urpekaritza

Zerbitzuak: Aparkalekua, sorosleak (udan), dutxak, wc, aldagelak(udan), taberna (udan), kanping-a, iturria, megafonia (udan)

Zazpi hondartzak

Malkartsua eta harrizko kalen segida basatia, zerbitzurik gabea baina edertasun handikoa. Arrantzarako gune bikainak dira, baita nudismoa egitea edo gune lasaiak maite dituztenentzat ere. Kontuz ibili behar da mareak gora egiten duenean, irtenbide gabe geratzen diren lekuak dira eta.

Bertako itsaslabarretan mundu mailako garrantzia duen fosil bilduma aurkitu da eta  Nautilus, Mutrikuko Ikasgune Geologikoan ikus daiteke.

Ekintzak: Nudismoa, lurreko kirol arrantza, urpeko kirol arrantza eta urpekaritza

Zerbitzuak: Ez dago

Alkoleako hondartza

Surf adituek gogoko duten gunea da hau. Zerbitzurik gabeko harrizko hondartza eder honek , Gipuzkoako kostaldera bista paregabeak ditu.

Sarrera malkartsua izan arren, ezkerretik datozen olatu bikainek, surfilarien gozamena egiten dute.

Ekintzak: Surf-a eta urpekaritza

Zerbitzuak: Aisialdirako gunea/ dutxak/ aparkalekua

Ondarbeltz

Mutrikuko ekialdean dagoen hondartza honek, 120m ditu eta  hondar ilun eta fina du. Zaintzarik ez du izaten, baina uda garaian taberna txiki bat irekitzen da zeinak zerbitzu minimoak eskaintzen dizkien bertan daudenei.

Ekintzak: Windsurf-a / piraguismoa/ boleibol-a/ pelota/ lurreko kirol arrantza

Zerbitzuak: Aisialdirako gunea/ aparkalekua/ taberna (udan)/ dutxak/ Iturria/ frontoia/ zakarrontziak(udan)/wc (udan)