Mendi ibilbideak
Gipuzkoa orografia malkartsuari esker, leku paregabea da mendi ibilbideak egiteko, eta Mutriku horren adibidea da, itsasoa eta mendia elkar lotzen duten puntu paregabea:
GR-121 Talaia bidea:
Hondarribitik Mutrikuko Saturraran hondartzaraino doan mendi Ibilbide Luze (GR) hau garai bateko baleazaleek zelatatzeko erabiltzen zituzten talaietatik zehar doa, hortik zidorraren izena. Itsasoari begira egiten den bide honetan Jaizkibel-Ulia KBEa, Iñurritza Biotopoa, Garate-Santa Barbara KBEa eta Euskal Kostaldeko Geoparkea gurutzatzen dira; baita ere, hainbat hondartza, kala, gotorleku, herri eta auzo. Horregatik, aukera paregabea eskaintzen du Gipuzkoako natura eta kultura ezagutzeko.
Mutrikun Talaia ibilbideko bi etapa aurkitzen dira:
GR-121 07 etapa, Deba-Mutriku:
4 km-ko ibilbidea da, 01h30 minutuko iraupena duena. Deskargatu ibilbidea
Gipuzkoako ibai garrantzitsuenetako baten itsasoratzean dago Deba herria. Harrizko zubi zaharra pasata, azken meandroaren gainetik hasten da bidea Mutriku aldera. Muinoaren gainean, Gipuzkoa osoko kosta -eta oskarbi dagoenean Baionako barra artekora ere- ikusteko talaia bikaina dago. Antzinako baleazaleen talaian gaude, eta ezin dugu galdu mendebaletik ekialdera begirada panoramikoa egiteko aukera.
Bidean Yeguada Olmedo Uranga zalditegia pasako dugu, baita geldi aldi bat egin nahi duenarentzako San Juan jatetxea ere. Mutriku etapako helmuga da, eta behin hara iritsita, ezinbestekoa da hirigune historikoan galtzea, marinel ospetsuen historia eta herri zahar honetako kondairak ezagutzeko.
GR-121 08 etapa, Mutriku-Saturraran:
4,45 km-ko ibilbidea da, 01h45 minutuko iraupena duena. Deskargatu ibilbidea
Mutrikuko Zazpi Hondartzen goikaldetik pasako gara, itsasoko begiratoki paregabeetan zehar. Bidean Mutrikuko Santa Elena eta Galdona kanping-ak ezagutzeko aukera ere izango dugu. Amaieran, Mutrikuko Saturraran Hondartza ederra bistaratuko dugu, bere perfil bereizgarriarekin. Ondarru bisitatu nahi duenak ere jarrai dezake oinezko bide eder batetik bertara iritsi arte.
Olatzeko Geo-ibilbidea (PR-47):
6.5km-ko ibilbidea da, 2:30 minutuko iraupena du. Deskargatu ibilbidea
Erraz egin daitekeen ibilbide zirkularra da hau. Olatz, Euskal Kostaldeko Geoparkeko polje bitxia da, bailara itxia alegia, non bertako urak kareharrizko haitzuloetan barrena desagertzen diren. Isidro Deunaren eliza ondoan hasi eta amaitzen den ibilbidean zehar, bertako geologia bereizitasunak ezagutzeko aukera dugu panel ezberdinei esker, baita hainbat elementu etnografiko ere: leizeak, karobiak, estelak, mitologia multzoak...
Mutriku zeharkatzen (PR-22):
22km-ko ibilbidea da, 6:30 minutuko iraupena du. Deskargatu ibilbidea.
Ibilbide zirkularra da hau. Mutrikuko herrian hasi eta amaitzen den ibilbide honetan hiru tontor zeharkatuko dira: Arno (601m), Jangoikomendi (528m) eta Tontorramendi (386m). Tartean Kalbaixo eta Santakutzeko ermitak, hilarriak eta Mutrikuk gordetzen duen natura ederraz disfrutatzeko aukera ezin hobeak eskaintzen dituen ibilbidea da hau.
GR- 121 Bizkar Ibilbidea: Mutriku-Eibar:
21.5 km-ko ibilbidea da, 08h 30 minutuko iraupena du.
Mutrikutik Arantzazura doan mendi Ibilbide Luze (GR) hau Gipuzkoaren eta Bizkaiaren arteko mugatik doa: Kantauri itsasoa Aizkorri-Arazko Natur Parkearekin lotzen du. Deitura egoera horri zor dio, bidea, mugatik, bizkarrez bizkar baitoa eta Bizkaia izena ere “bizkar”etik datorrelako. Xenda honetan zehar Arno KBEa igaroko da eta baita industriaguneak ere, lurraldeari hainbat urteetan indarra eman diotenak: aspaldiko gatzagetatik hasita gaur egungo altzairu lantegietaraino, labe garaiak ahaztu gabe.