ARAUDIA
Udal eremuko Arau Subsidiarioek honako dokumentu hauek izango dituzte, Lurzoruari buruzko Legean eta haren Erregelamenduetan ezartzen denaren arabera:
1. Bere xede eta helburuen eta bere zehaztapen guzti-guztien justifikazio-memoria.
2. Lurralde-eremu osoari buruzko informazio-planoak, eskala egokian eginak.
3. Mutrikuko Arau Subsidiarioen xedea lurzorua hiri-lurzoru, lurzoru urbanizagarri eta lurzoru urbanizaezin gisa sailkatzea bada, honako alderdi hauek zehazten dituzten antolamendu-planoak beharko dira:
a) Hiri-lurzoruan, urbanizatzeko egokiak diren eremuetan eta lurzoru urbanizaezinean dauden lursailen mugaketa.
Hiri-lurzoruaren mugaketa Lurzoruaren Legearen 78. artikuluan ezarritako irizpideen arabera egingo da.
b) Hiri-lurzorurako erabilera xehatuak eta urbanizatzeko egokiak diren zonetarako erabilera orokorrak esleitzea.
c) Lurralde osorako azpiegitura, ekipamenduak eta hiri-zerbitzuak adierazten dituen eskema.
d) Hiri-lurzoruko bide-sarearen trazadura eta ezaugarriak, lerrokadurak zehaztuta, eta oinplanoko trazadura eta sestrak geometrikoki zehaztuta, lurzoru osoari edo zati bati dagokionez.
e) Lurzoru urbanizaezinean babes bereziaren xede diren zonak adieraztea eta mugatzea, eta zona horietan urbanizazioaren eta eraikuntzaren aurrean babesteko gutxieneko arauak ezartzea.
4. Antolamenduaren gutxieneko hirigintza-arauak, arau horiek garatuko dituzten plan eta proiektuek bete beharreko plangintza-, urbanizazio- eta eraikuntza-baldintzak arautzen dituztenak.