Babarrun lehiaketa dakar azaroko merkatu txikiak Mutrikura
Azaroaren 2rako Lapiko Beltza babarrun lehiaketa antolatu dute Txoko Eder eta Mubae elkarteek Mutrikuko Baserritarren Elkartea) Mutrikuko Udalaren eta Geoparkearen bitartez, azoka dinamizatzea helburu. «Babarruna da garaian gure baserrietako ekoizleek duten produktu garrantzitsuenetakoa, eta lehenengo aldiz, babarrun lehiaketa antolatu da», esan dute antolatzaileek. Parte hartzeko aurretiaz eman behar da izena, Mutrikuko Turismo Bulegoan: urriaren 25a da azken eguna.
Babarrun lehiaketa 10:00etan hasiko da, Beheko Plazan, gehienez hamar talderekin. Sari banaketa 14:00etan izango da. Epaimahaiaren erabakiaren ondoren, merkatu txikian erosketak egin dituztenek zozketa-txartel bat jasoko dute egun horretan egin den babarruna dastatzeko. Gainerako lapikoak enkantean salduko dituzte, Kalbaixoetan marmitakoarekin egiten den bezala, antolatzaileek jakitera eman dutenez.
Gehienez biko taldeak
Talde bakoitzarentzat kilo erdi babarrun, hirugiharra, olioa, gatza eta sua ipiniko dituzte antolatzaileek. Gainerako osagaiak –bakoitzak aukeratzen dituenak– zein lapikoa eta gainerako tresnak talde bakoitzaren kontura geratuko dira.
Babarrun lehiaketan gehienez hamar taldek parte hartu ahal izango dute, eta talde bakoitzean ezingo dira bi lagun baino gehiago aritu.
Sariei dagokionean, hiru egongo dira jokoan: 250 eurokoa izango da lehen saria, 150 eurokoa bigarrena eta 75 eurokoa hirugarrena.