Barikuan Ana Oregi sailburuarekin bilduko dira Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldeko alkateak

2014/02/10
Enbataren kalte ekonomikoen inguruan hitz egitea da bileraren helburua; Mutrikuko alkatea han izango da.

Barikuan, hilak 14, Joseba Palenzuela alkateak Eusko Jaurlaritzak egindako deiari erantzungo dio, Bizkaiko eta Gipuzkoako gainontzeko alkateekin batera, Ingurumen eta Lurralde Antolaketako sailburu Ana Oregirekin bilduko da. Bileraren helburua: enbatak herrietan eragindako kalteei buruz hitz egitea.

Jaurlaritzak alkateei herri bakoitzean egondako kalteen estimazioa egiteko eskatu die, bilerara joan aurretik, eta datu horiek euren esku lagatzea. Alkateak Udalak bere gain hartu beharko dituen gastuen estimazioa eramateaz gain, Jaurlaritzaren sail ezberdinen eskumenekoak diren azpiegitura eta guneen konponketaren gainean galde egingo dio sailburuari. Zehazki, dikea, energia planta, eta Mijoa errekaren itsasoratzea izango dira alkateak mahairatuko dizkion gaiak.

Ez da alkateak gai honen inguruan erakundeekin egiten duen lehen bilera. Joan den astean Aldundian bildu ziren Gipuzkoako alkate guztiak, Martin Garitano Ahaldun nagusiak deituta. Bertan izan ziren Kosten Mugapeneko ordezkariak ere. Bileran herri bakoitzak kaltearen balorazio ekonomikoak egin eta berriro biltzekotan gelditu ziren. Horretaz gain, lanak lehentasunaren arabera egiten hastea ere adostu zuten.