Mutrikuko Arrietakua Jauregia ezagutzeko bisita gidatuak aurkeztuko dira Fiturren
Mutriku/ 2019.01.21.-
Mutriku, Debabarreneko eskualdearen eskutik, Fitur Nazioarteko Turismo Azokan izango da aurten ere. Asteazkenean hasi, hilak 23, eta igandera bitarte luzatuko da turismo arloko ekimena. Eskualdeko eskaintza turistikoa Euskadiko standean egongo da eskuragarri (9. pabilioian), Euskal Kostaldearen txokoan.
Aurten berrikuntza gisa, Debabarreneko eskualdeak Mutrikuko Arrietakua Jauregira bisita gidatuak emango ditu ezagutzera. XVIII. mende hasieran eraikia, jauregiak Interes Kulturaleko Ondare izendapena du eta Gipuzkoan ondoen gordetzen den ondare-baliabideetako bat da. Jauregia Mutrikuko Hirigune Historikoan dago, 1995az geroztik monumentu multzo izendatua. Gaurdaino bertan bizi izan da familia eta bere horretan mantendu da.
Arrietakua Jauregia iazko ekainean zabaldu zen jendaurrera, Mutrikuko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Enrique Areilza Churruca Mutrikuko Kondearekin hitzarmena sinatu ostean, eta orduz geroztik ia 800 lagunek bisitatu dute.
Bisita honek Mutrikuk itsasoarekin historian zehar izan duen harreman estua ezagutzeko balio du, belaunaldiz belaunaldi jauregian bizi izan diren pertsonaia eta familia ezberdinen bitartez.
Arrietakua Jauregia ezagutzeko bisita gidatuen erreserba Geoparkearen webgunearen bidez egin daiteke: www.geoparkea.eus
Aurkezpena ostegunean egingo da, hilak 24, 17:00etan, Euskadiko standean. Bertan Arrietakua Jauregia promozionatzeko egin berri den ikus-entzunezkoa ikus ahal izango da.
Baina ez da hau aurkezpen bakarra izango Debabarreneko eskualdearentzat Fiturren. Asteazkenean, hilak 23, 17:00etan, Geoparkeak UNESCOren Munduko Geoparkeen geoturismo esperientzien aldizkari berria emango du ezagutzera.
Debabarreneko ordezkaritza asteazkenean abiatuko da Madrilera: Debako eta Mutrikuko alkateak, Pedro Bengoetxea eta Jose Angel Lizardi, Mutrikuko zinegotzi Ion Gambra, Ermuko zinegotzi Jose Luis Araujo, Debako eta Mutrikuko turismo arduradunak, Jasone Galdona eta Marta Amonarriz, Geoparkeko gerentea, Leire Barriuso, Debegesako zuzendari nagusia, Juan Angel Balbas, eta garapen agentziako turismo arduraduna, Aitziber Cortazar.