Udalak zaborraren inguruan parte hartze prozesua zabala jarriko du martxan

2014/01/29
Udalak ez du zabor bilketari buruzko erabakirik hartu; Mankomunitateak kontratatuko duen teknikariaren bidez, erabakia hartu behar denerako datu errealak edukitzea da asmoa.

“Udalak ez du zabor bilketa sistemaren inguruko erabakirik hartu”. Horrenbestez erantzun dio Joseba Palenzuela alkateak EAJk zabaldutako albisteari. “Oker ari dira, euren usteak zabaltzen eta herria nahasten”.

Udalak zabor bilketa sistema erabakitzeko parte hartze prozesu zabala antolatu nahi du. Baina erabakia hartu ahal izateko, benetako informazioa eta datu errealak biltzea ezinbestekoa dela pentsatzen du Udalak. “Mankomunitateak kontratatuko duen teknikariaren lana, hori izango da, hain zuzen ere. Erabakiak hartzeko derrigorrezkoa da azterketa eginda edukitzea eta informazio zuzena eskuartean izatea, eta ez usteekin eta bakoitzak pentsatzen duenarekin aritzea”.

Udala parte hartze prozesua abian jartzeko oinarriak jartzen ari da momentuan, eta hurrengo pausuak definitzen. “Baina galdetu beharrean, Mutrikuko EAJko bozeramaileak, beste behin ere, kale egin du, eta errealak ez diren datuak zabaldu ditu”, gaineratu du alkateak.